«Kritikoek emakumeen literatura ezagutu gabe jarraitu nahi dute»

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mar. 9a, 18:55

Mertxe Tranche irundarraren eskutik, Tolosako jabetze eskolako lehen ikastaroa munduko emakumeen literaturari buruzkoa izango da. Bihar amaituko da izena emateko epea.

Jane Austen nahiz George Elioten lanak miresten ditu, eta errotik aldatuko luke literatur-hezkuntza. Ez du zalantzarik emakumezkoen literatura, oraindik ere, bigarren maila batean dagoela baieztatzerakoan. Bihar hasiko dira saioak, Errotan, eta gaur da izena emateko azken eguna.

Zein hariri jarraituko dio ikastaroak?
Hernanin zenbait urte daramatzagu, jada, ikastaro hau eskainiz eta, besteak beste, gure bide berak munduko beste hainbat tokitan urratzen ari diren emakumeak ezagutzean datza. Batzuetan badirudi zenbat eta urrunagoko gauzak orduan eta interesgarriagoak direla, baina, askotan ez da horrela izaten, eta gure esparru bertsuan dabilen jendearen lanetan nahiko gauza harrigarriak aurki ditzakegu. Horrenbestez, orain hasi eta ekaina bukaerara bitarte, munduko hainbat tokitako emakumeen irakurgaiak proposatuko ditugu. Ea beren esperientzia eta bizipenek gure egoera propioen inguruan hausnartzera bultzatzen gaituzten.

Irizpideren bat jarraituko duzu obra edo idazle horiek aukeratzeko?
Batzuetan ustekabeko zerbait izaten da, merkatuan dagoenaren arabera. Izan ere, horrelako tailerren zailtasunetako bat horixe da: beti ezin izaten dugu aukeratu irakurri nahi dugun hura, eta merkatuak eskaintzen digun horretara moldatu behar izaten dugu. Beraz, sarri askotan nire irakurgai proposamenek horrekin zerikusia izaten dute. Kasu honetan zortea izan dugu, izan ere, Chimamanda Adichie idazle nigeriarrak bere azken lana argitaratu berri du eta, era berean, hiru soldadu israeldarren inguruko liburu oso-oso interesgarri bat ere bada. Horrelako lanek gure ohiko parametroetatik ateratzen gaituzte, eta hori aberasgarria da.

Beste hainbat esparrutan bezala, literaturan ere emakumezkoa bigarren mailan al dago?
Bai, noski, zalantzarik gabe. Edozein kultur astekari hartu besterik ez da egin behar, hori ikusteko; ia asteburu guztietan emakume batek idatzitako liburu bakarraz hitz egiten dute eta, beste askotan, bakar batez ere ez. Gizonezkoek idatzitako liburuak, berriz, 40 edo 50 izan daitezke asteburu bakarrean. Gainera, areago joanez, gero eta emakume idazle gehiago daude, ia sari guztiak beraiek irabazten dituzte, eta irakurle gehienok emakumeak gara. Hori horrela izanik, merkatu-kuota ona dugula helarazi nahi izaten digute, baina ez da egia. Beraz, emakumezkoen literatura bigarren maila batean dago, batez ere, kritikoek emakumezkoen literatura ezagutu gabe jarraitu nahi dutelako, tematuta. Eta, gainera, emakumezkoen literatura gustu txarreko idazle edo irakurleen kontua dela uste dute.

Horri buelta emateko, adibidez, ikastetxeetako nahitaezko irakurgaiak aldatuko zenituzke?
Inongo zalantzarik gabe. Donostiako ikastaro batean, batxilergorako literatur programa bat sortu genuen, baina emakumezko autoreak ere txertatuz. Erabat harritu gintuzten gauzak aurkitu genituen, esaterako, gazteleraz idatzitako lehen autobiografia emakume batek idatzi zuela. Halaber, XIX. mendean barrena emakume idazle interesgarri asko aurkitu genituen bezala, XVIII. mende osoan emakume bakarra izan zen idazle, oso kontserbatzailea gainera. Horregatik, derrigorrezko hezkuntzako eta batxilergoko literatur programak berdiseinatu egin beharko liratekeela uste dut, Rosalia De Castro eta Santa Teresaz gain emakume gehiagoren lana jorratzeko.

Literatura parekidetasuna eskuratzeko tresnatzat duzu?
Ezinbesteko tresna dela esango nuke, zenbait gauza arrazoiaren bitartez barneratzen ditugulako, baina beste asko fantasiaren bitartez. Eta, batez ere, neskek emakumezko heroiak behar dituztelako literaturaren unibertsoan, munduan beraientzat egokia den leku bat aurkitzeko. Azkenik, argi dago emakumeak literaturan txertatu zirenez geroztik, literatura unibertsaleko gaiak asko aldatu zirela, aniztasunaren alde. Esaterako, ia 1960. urtera arte itxaron behar da Doris Lessing-en liburu batek hilerokoaz hitz egin dezan, emakumeok hitz egingo genukeen moduan. Begi bistakoa da mundu erdiaren ikuspegia falta dela, gure mundu ikuskera falta dela eta, hori, liburuak askatasunez idazten dituzten emakumeekin soilik orekatu daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!