Giza eskubideak marraztuz, bakea

Mikel Iraola 2015ko mar. 9a, 16:31

Cartooning for Peace; Giza eskubideak marrazten izeneko erakusketa izango da Tolosan hilaren 22ra bitarte. Ikastetxeetako haurrekin ere tailerrak egingo dituzte, giza eskubideen inguruan hausnartzeko.

Giza Eskubideen balioetan sentsibilizatzea, hausnarketa kritikoa piztea eta adierazpen artistikoaren bidez edukiak barneratzea ditu helburu erakusketa honek.

2006. urtean du jatorria Cartooning for peace (Bakerako Marrazkiak) erakusketak. Urtebete lehenago Lars Vilks marrazkilariak Mahomaren lehen biñetak argitaratu ondoren sortu ziren gatazkak baretze aldera sortu zuten Nazio Batuek eta hainbat marrazkilarik. Harrez geroztik 40 erakusketa zabaldu eta jatorri ezberdineko 130 marrazkilarik hartu dute parte.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren Zuzendaritzak hilabete batzuetarako alokatu du erakusketa, 2012an martxan jarritako Bizikidetza Planari jarraiki, eta Tolosan emango dio hasiera. Gaurtik 22ra arte izango da ikusgai kultur-etxean.

Erakusketa hainbat panelez osatua dago. Arrazakeria, Ekialde Hurbileko gatazkak, Emakumeen eskubideak, Prentsa askatasuna, Haurrak gatazketan edota naturaren egoera aztertzen dira horietan.

Ibai Iriarte, Tolosako alkatearen esanetan, "horrelako lanketak ezinbestekoak dira, gizarte tolerante eta anitz bat osatzeko". Bere ustez, "sustatu beharreko kultura bat da, enpatiak sortuz eta pedagogiak garatuz. Gero eta ezberdintasun gehiago daude munduan, baita Tolosan ere, eta elkarrengandik ikasi behar dugu. Badirudi egungo gizartean hori zaila dela, ondokoa etsaitzat hartzea erosoagoa delako. Erakusketak hori hausnartzera bideratzen gaitu".

Gazteek hausnartu dezaten
Aintzane Gamiz Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren Zuzendaritzako kolaboratzaileak azaldu duenez, "erakusketak gazteentzat tonu edo lengoia egokia duela ikusirik" haiekin lanketa berezi bat egitea otu zitzaien. Hori dela eta, Tolosako hiru ikastetxeetako DBH 3. eta 4. mailetako ikasleekin lanketa berezi bat egingo dute.

Erakusketa ikusi eta aztertu ondoren, taldekako dinamika bat zabalduko dute, borobilean eseri eta gai bakoitzaren inguruan debate moduko bat piztuz. Ondoren, eta erakusketaren ardatza marrazkiak direnez, adierazpen unibertsalaren 30 artikuluetako batekin marrazki bat egin beharko dute, egokitutako hori irudikatuz. Marrazkietako bakoitzarekin mural bat osatuko dute gero. "Jarraipena ematea da gure asmoa, beraz, ikastetxeei gida pedagogiko bat ere emango zaie, dinamika eta gainerako proposamenekin" azaldu du Gamizek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!