Pilotazaleen festa, Migel Soroaren finaletan

Asier Imaz 2015ko mar. 7a, 20:28

Amaitu da Ogi Berri Migel Soroa Pilota Txapelketa. Irabazleak, ondorengo hiru bikoteak izan dira: Zubizarreta-Erauskin; Laso-Sarasa eta Agirre-Gorrotxategi.

Tolosako Beotibar pilotalekuan izugarrizko jendetza bildu da gaur arratsaldean, hiru mailatako finalak ikustera.

Lehen partida zirraragarria izan da. Tentsio handiak markagailuan isla izan du, eta 21na berdindu ondoren, Zubizarreta-Erauskin nagusitu dira, Egiguren-Salegiren aurka. Eskualdeko bi pilotarien arteko lehian, beraz, Erauskin berrobitarrak eraman du txapela. Egiguren tolosarra saiatu da, baina partidaren bigarren zatian arazoak izan ditu, batez ere, eskuin eskuarekin.

 

21 urte azpikoen mailan Laso-Sarasa erraz nagusitu dira Elordi-Urizarren aurka. Nafarroara joan dira beraz txapelak. Bizkaitarrek, aldiz, ez dute euren eguna izan, batez ere Urizarrek. Azken emaitza, 9-22.

Nagusien mailakoan Irribarria-Arratibel ziren faborito, eta horrela hasi dira gainera, partidan aurrea erraz hartuta. Ondoren, Agirre jokoan sartu da, eta markagailuari buelta eman dio. Azkenean, atzetik hasi den bikoteak irabazi du lehia, 22-17.

Aitor Erauskin: "Partida gogortu eta azkenean irabazi egin dugu"

 
 
Berrobitarra finalaren ondoren, ezin sinetsirik zegoen. 10 tantoz galtzen joan ondoren, markagailua iraultzea lortu zuten.
 
Partidan sartzea kosta egin zaizue, baina gero...
 
16-6 galtzen joan gara, eta nahi ez baldin baduzu ere, momentu horietan buruak pixka bat atzera egiten dizu. Hala eta guztiz ere markagailuari buelta ematea lortu dugu. Oso zaila izan da, eta oraindik ezin sinetsirik gaude. 
 

Final gogorra izan da, eta amaieran, lau pilotariak hortxe bukatu duzue lurrean etzanda.

Egigurenek, Zubizarretak eta nik, bezperan, oso partida gogorra jokatu genuen, eta neke hori nabaritu da partida amaieran. Horri, partida nola joan den gehitzen badiozu... Denak lurrean amaitu dugu, eta momentu oso polita izan da.
 

Pilota oso zailak eman dituzu partida osoan zehar, baina batez ere, azken tantoan, ezker hormara itsatsitako hiru pilota horiek.

Entrenamenduetan lan handia egiten ari gara Xalton Zabalarekin, eta batez ere defentsan; ezker nahiz eskubiz. Asko ikasten ari naiz, eta huts gutxi egiten ditut. Amaieran, daukazun indar gutxiarekin dena eman nahi izaten duzu, eta gaur hori gertatu zaigu. Partida gogortu egin dugu, eta irabazi.

Nori eskaintzen diozu txapela?

Nere familia guztiari. Baita Arkaitz Urkia berrobitarrari ere, txiki-txikitatik nire entrenatzaile izan denari, eta oraingoari. Baina bereziki, nirekin pilotan ibiltzen den lagun bati; bere ama ez da momentu oso onak pasatzen ari une hauetan, eta eurentzat doa txapela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!