Patxi Amantegi EAJko hautagaietako bat izango da

Ataria 2015eko martxoaren 6a

Independente gisa sartu da jeltzaleen zerrendan, "atez atekoaren aurka sinatu zuten 7.000 herritarrei merezi dutena itzultzeko"

Olatz Peon alkategaiarekin batera, bere burua aurkeztu du Patxi Amantegi tolosarrak, datorren maiatzeko hauteskundeetarako. Tolosa Txukun plataforman ekindako bidea Gipuzkoa Txukuneko bozeramale izanez jarraitu zuen, atez ateko hondakin bilketa sistemaren aurka.

Horrela, "pauso bat gehiago emateko unea" dela irizten du Amantegik: "Bi urteotan entzundakoak, ikasitakoak eta herritarrekin partekatutakoak emandako aberastasuna nire herriaren eta bizilagunen zerbitzura jarri nahi dut", nabarmendu du. Tolosan ez ezik, eskualdeko nahiz Gipuzkoako beste zenbait herritan ere "Txukun plataformetako jendea EAJko zerrendetan sartu dugu", Amantegik azaldu duenez; alkategaiak izango dira batzuk, duela zenbait hilabete jakinarazi bezala, eta beste batzuk zerrendan joango dira.

Bide horretan, Peon alkategaiaren zerrendan sartzeko arrazoiak ere hizpide izan ditu: "Bi legealditan Mankomunitatean lanean ibilitako da Olatz, eta oso ondo ezagutzen du bertako funtzionamendua, eta baita hondakinak behar bezala sailkatzeko moduak ere". Finean, beraz, jeltzaleek "inposatzeen gainetik, birziklatzeko heziketaren alde" egingo dutela jakinarazi dute.

Azkenik, Olatz Peonek aurrerapen txiki bat ere eskaini du, Tolosako EAJren hauteskunde programan hondakinen izango duten tarteari dagokionez: "Batetik, hala behar den guneetan edukiontzi handiagoak jarriko ditugu, eta, halaber, maiztasunaren inguruko aldaketak ere proposatuko ditugu. Azkenik, gardentasuna ere bermatuko dugu".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!