Irribarria eta Agirre aurrez aurre, Migel Soroaren finalean

Asier Imaz 2015ko mar. 5a, 19:53

Ogi Berri Migel Soroa Txapelketaren finalak larunbatean jokatuko dira Tolosako Beotibar pilotalekuan, 16:30ean hasita. Anizeto Lazkanok bikote bakoitza aztertu du.

 

ANIZETO LAZKANOREN ANALISIA
Jubenilak21 urte azpikoakNagusiak
Zubizarreta-Erauskin Egiguren-Salegi Elordi-Urizar Laso-Sarasa Agirre-Gorrotxategi Irribarria-Arratibel
«Zubizarreta oraindik kadetea da, baina sekulako maila erakutsi du, eta jubenilen aurka jokatzeko gai dela ikusi da. Erauskinek atzean oso ondo eutsi dio, eta finalista justuak direla esan daiteke, zalantzarik gabe».

«Aurrelari tolosarra oso pilotari polita eta fina da. Airez oraindik gehiago sartu beharko luke, baina azken urtean asko igo den pilotaria da. Salegiren azken urtea da jubeniletan, eta golpean nabaritzen zaio».

«Elordik sekulako maila eman du. Harriturik utzi du pilotazalea, batez ere, tantoak nola bukatu dituen ikusita. Ikusgarria. Urizar, ordezko bezala hasi zen, eta maila bikaina eman du. Bikote handia osatzen dute». «Laso jotzaile eta bukatzaile handia da. Finalerdietan sekulakoak egin zituen; besagainez bi pilota ikusgarri jo zituen; edozeinek ez du hori egiten. Sarasa bere lekuan egon zen, maila handia erakutsiz». «Bikote oso indartsua. Agirre artista da, eta Gorrotxategi maisua. Pilota guztiak eskatzen dizkio atzetik; badaki zer egin behar duen uneoro; ez du pilotarik entregatzen... une honetan dagoen atzelari onenetakoa da». «Irribarriak izugarrizko erakustaldiak egin ditu txapelketan zehar; berdin dio zein pilotarekin jokatu. Momentuan dago. Pilotari luzea da, eta tantoak erraz bukatzen dituena. Arratibelekin bikote handia osatzen du».

 

Lehen partida jubenilena izango da. Antton Pebet Villabonako pilota txapelketaren finaleko errebantxa. Bai behintzat aurrelariei dagokienez. Zubizarreta eta Egiguren, berriro aurrez aurre izango dira final batean. Orduan, tolosarrak irabazi zuen. Finala irabazteko faboritoak Egiguren eta Salegi omen dira, baina Zubizarretaren maila kontuan hartuta, ez zaie erraza izango. Tolosarrak gainera, finalerdietako partida lesio txiki batekin amaitu zuen. Hala eta guztiz ere, larunbatean ez du jokatzeko arazorik izango.


21 urte azpikoen mailan, bi aurrelari ikusgarriren arteko lehia izango da. Atzean, aldiz, oreka handiagoa da. Ondorioz, bete-beteko partida aurreikus daiteke. Beotibarko zaletuek faborito papera Laso-Sarasari ematen diote, baina aurrean, Urizarrekin batera, aurtengo edizioko ezustekoa izango da: Elordi. Bizkaitarrak txapelketa ikusgarria egin du, eta tantoa amaitzen, harritzeko moduko erraztasuna duela erakutsi du.

Azkenik, nagusien mailakoa jokatuko da, finaletan finalena: Agirre-Gorrotxategi eta Irribarria-Arratibel. Momentu honetan afizionatuetan dauden lau pilotari onenetarikoak. Horietatik bik, laster, gorako saltoa emango dute, gainera. Bat Irribarria izango da, hilabete honetan bertan egingo baitu debuta profesionaletan. Antolatzaileak, beraz, azken partidekin eta txapelketa osoarekin oso gustura geratu dira. Zaletuei eskerrak eman nahi izan dizkie, eta baita finalera gonbidatu ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!