Sindikatu guztiak eskutik doaz, Asuncion publiko egitera

Itzea Urkizu 2015eko martxoaren 5a

ELA, LAB, CCOO, UGT, SATSE, ESK, CGT eta CNT sindikatuek bat egin dute eta TOPA koordinakundearen aldarriekin, eta mobilizazio jendetsua egin dute Triangulotik anbulatoriora, Darponen dimisioa behin eta berriro eskatuz.

Mobilizazio historikoa izan da, gaur eguerdikoa, Tolosaldeko osasun sistemaren aferari dagokionez: lehen aldiz, sindikatu guztiek bat egin dute helburu beraren alde, eta eskualdetik kanpoko osasun arloko langileak ere bertaratu dira, Triangulo plazara, ospitale publiko bat eskatuz.

ELA, LAB, CCOO, UGT, SATSE, ESK, CGT eta CNT sindikatuetako ordezkaritza bertaratu da 12:00etako hitzordura, eta elkarretaratze aldarrikatzailea izan da, benetan, bozgorailutik ez baitiote isiltasunari tarterik utzi. Asuncion klinika publiko egitea eskatzearekin batera, Jon Darpon Osasun Sailburuaren dimisioa eskatu dute, etengabe, eta politikarien ustezko delitu ekonomikoak ere salatu dituzte: "Kultura eta osasuna kentzen dizkigute, hau diktadura da!".

Sindikatuetako ordezkariek egindako adierazpenetan, besteak beste, Asuncion sare publikoan txertatzeari garrantzia eman diote langileek, batetik, soldatak parekatzeko eta, bestetik, 3.000 lanpostu bermatuko lituzkeen oposaketa bat deitzea eskatzeko. Modu horretan, Tolosaldeko osasun zerbitzuak beharrezkoa duen arreta eskaini ahal izango luketela diote, langile kopurua murriztu gabe.

TOPA koordinakundearen jomuga eta aldarriekin bat egin dute sindikatu guztiek, lehenengoz, eta, azaldu dutenez, "hau hasiera besterik ez da izango", aurrera begira ere agenda bateratua jarraitzeko asmoa baitute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!