«Depresioa eta antsietatea ez dira zahartzaroaren ohiko ezaugarri»

Iñigo Terradillos 2015ko mar. 5a, 11:45

Adineko pertsonen antsietate eta depresioen inguruan ikastaroa eskainiko du Amaia Artola psikologo gerontologoak Tolosako kultur etxean martxoaren 5, 6 eta 12an.

Bizi itxaropena asko luzatu da hiruzpalau belaunalditan. Albiste ontzat hartu ohi den arren, luzaro bizitzeak arazo berriak sortzen dizkio jendarteari, eta adineko pertsonen zaintza sakon landu beharreko gai bilakatu da azken urteotan. Bide horretan, Lahar elkargoak eta Tolosako Udalak adineko pertsonen antsietate arazoak eta depresioak hizpide izango dituen ikastaroa antolatu dute, Amaia Artola psikologo eta gerontologoaren eskutik; doako saioak izango dira, eta 663 05 72 23an eman daiteke izena.

Zer landuko duzu ikastaroan?
Helburua antsietate eta depresio nahasteak ikustea da, hirugarren adinean nahiko sarri gertatzen direlako. Aipatzekoa da nahaste-borraste bat badela hor, izan ere, hainbat antsietate-nahaste daude eta depresioa nahaste afektiboen barruan sartzen da. Berez desberdinak dira, beraz, eta bereizi beharrekoak. Askotan gertatzen dena, ordea, zer da, baten eta bestearen sintomatologia batera gertatzen direla.

Sintomak izateak nahastea al dakar halabeharrez?
Ez. Desberdina da antsietate edo depresio sintomak izatea, edo nahaste bat izateraino iristea. Horregatik, antsietate nahasteak ezagutaraziko ditut ikastaroan, alde batetik: zein ezaugarri dituzten, zein nahaste mota dauden, zein ondorio ekar ditzaketen, sintoma nagusiak zein diren edo tratamendua nondik nora joan daitekeen. Eta, bestalde, antzeko zerbait egingo dugu depresioari dagokionez ere. Eta behin bien ezaugarriak landuta, bien uztartzea ere hizpide izango dugu. Izan ere, aipatu bezala, askotan bien sintomak batera hartzen dira eta, gehienetan, egia da bi nahaste edo gaixotasunak izaten dituela pertsona horrek. Ikastaroko lehen bi egunetan hori guztia landu ondoren, beraz, hirugarren saioa orientagarriagoa izango da, kasu horietan hartu beharreko erabaki eta jokamoldeen inguruan. Parte hartzaileak inguruan horrelako kasuak dituzten herritarrak izatea espero dugu, beraz, garrantzitsua da hori guztia zer den jakitea.

Depresio eta antsietate horien nahasteak jatorri orokor bat al du?
Oso zaila da orokortzea, eta jendeak pentsatzen du maiz gertatzen direla adineko pertsonengan. Baina, hori ez da egia. Antsietate nahasteak, egiazki, hirugarren adineko pertsonen %10ak izaten ditu eta depresio nahasteak, berriz, %10-12ak izaten ditu. Kontua da bi gaixotasun horien sintomak, horiek bai, jende gehiagok izaten dituela. Tristura, adibidez, guztiok senti dezakegu, eta tristura bada depresioaren sintoma bat; horrek, ordea, ez du esan nahi depresioa daukagunik.

Eta, depresioa eta antsietatea batera duten herritarren portzentajea zenbatekoa da?
Kasuen %60-90 bueltan, biak batera agertzen dira. Depresio kasuen %80an, esaterako, antsietate sintomak izaten dira eta, aldiz, antsietate orokorra dutenen %50ak sintoma depresiboak izaten dituzte.

Zuk bakoitzaren ezaugarri propioak ondo ezagutzea bereziki nabarmenduko zenuke beraz.
Bai, hori da. Akats edo muga handia izaten da, horrelakoetan, gauzak orokortzea, izan ere, gaixotasun desberdinek sintomatologia antzekoa izan dezakete. Hor dago, beraz, erronka nagusienetako bat: nola definitu bata den edo bestea den. Noski, tratamendua ere zaildu egiten du horrek guztiak, ez baita ziurtasun osoz jakiten nondik nora doan. Eta, azkenik, kontsultara doan pertsona bakoitzak gauza bati ematen dio garrantzia, eta horrek ere eragin dezake.

Zenbateraino eragin?
Pertsona batzuk, adibidez, sintoma somatikoei garrantzi handia ematen diote, gorputzean nabaritzen dituzten gauzei, alegia: ez daukatela goserik, mina sentitzen dutela, arnasteko arazoak dituztela, bihotz taupadak azkartu egiten zaizkiela, nekea nabaritzen dutela, ... Kontsulta gehienak bide horretatik joaten dira. Aldiz, herritarrek ez diete halako garrantzirik ematen horren guztiaren atzean egon daitezkeen pentsamendu, jarrera edo jokamoldeei, eta horrek informazio handia eskaintzen du gaixotasun bat edo bestea ote den erabakitzerakoan.

Eman dituzun antsietate eta depresio portzentajeak uste orokorraren aurkakoak dira, ezta?
Bai, hori da. Eta, horrek arazo bat ekartzen du, gainera, askotan: ez zaio garrantzirik ematen, antsietatea eta depresioa adineko pertsonengan berezkoa dela uste baitu jende askok. Pentsa dezakegu adineko pertsonek horrelako sintomak izan ditzaketela, beren bizitzan barrena galerak izan dituztelako eta abar, baina argi izan behar dugu depresioa eta antsietatea ez direla zahartzaroaren ohiko ezaugarriak. Eta, horrek zein ondorio dakar? Jendeak normaltzat duen hori ez kontsultatzea eta, horrenbestez, ez tratatzea, esku-hartzerik edo psikoterapiarik ez egitea eta, finean, erremediorik ez jartzea.

Aipatu duzu tristura gehiegitan lotzen dela depresioarekin.
Bai, eta okerra da, tristura denok sentitzen baitugu inoiz, gure bizitzan barrena, eta horrek ez du esan nahi depresioa izaten dugunik. Egia da, noski, tristura depresioaren sintoma bat dela, baina, horrekin batera, interes edo gogo falta, nekea, jateko gogorik eza, pisu aldaketak, lo arazoak, konfiantza falta nahiz pentsamendu ezkorrak dira pertsona batek depresioa dutela erabakitzeko pilatzen diren sintomak. Eta, aipatzekoa da, gainera, depresioa izaten duten adineko pertsonen sintoma nabarmenena ez dela tristura izaten; batzuetan ezkutuan geratzen da, horrela, adinekoen depresio nahastea.

Horrelako gaixotasunak, sarri, konponbide zaila duten gaixotasun moduan ikusten dira edo, behinik behin, epe luzera sendatzekoak bezala. Hori zuzena da?
Sintomatologia bakarrik duen pertsona batengan, batzuetan, inguruan gerta daitezkeen aldaketa txikiek eragin handia egin dezakete, sendatze bidean. Sintomatologia hori nagusia denean eta pertsona horren egunerokotasuna zailtzen duenean, ordea, horri buelta ematea zailagoa izaten da. Orduan, behaketa oso garrantzitsua izaten da beti, informazioa eskaintzen digulako, batez ere, inguruari begira: pertsona horrek lehen zer egiten zuen eta orain zer egiten ez duen ezagutu dezakegu eta, batez ere, pertsona horren ahozko komunikazioa nahiz ahozkoa ez dena behatzeko aukera eskaintzen digu. Ingurunetik zenbat eta gako gehiago bildu, orduan eta esku-hartze egokiagoa eta zehatzagoa egin ahal izango dugu. Ondorioz, zehaztasunak pertsona hori azkarrago errekuperatzea ere ekar lezake.

Nolakoak izaten dira tratamenduak?
Hainbat modu daude, eta horrek ere zenbait arazo sor ditzake. Lehen mailako tratamendu gisa botikak hartzen dituzte, baina, batzuetan, gaixoaren sintomatologia beste botika batzuen eragin edo ondorio ere izaten da. Beste askotan, berriz, norbaitek antsietate edo depresio bat duela pentsatzen dugunean, botikak ematen dizkiogu hasieratik. Horrekin bere sintoma nabarmenenak aldatzea lortuko dugu, baina arazoak hor jarraituko du.

Eta zein da botikak emateko erabaki horren alternatiba?
Askotan egokiagoa izaten da esku-hartzea gaixoaren inguruan egitea, izan ere, familiak edo gertukoek gauza zehatz bat aldatu edo bideratzeak lagundu dezake sintomatologia hori jaisten. Batez ere, pertsona horren pentsamendu mailan lan egiten da bigarren aukera honekin; antsietate nahasteen kasua, adibidez, kezken inguruan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!