"Bakarlari esaten didaten arren, taulara bakarrik igotzen naizen lehen aldia da"

Iñigo Terradillos 2015ko mar. 4a, 16:47

Mikel Urdangarinen kontzertua izango da larunbatean, Tolosako Topic zentroan, 20:30ean. Bere bira berrian geldialdia egingo du Tolosan, talderik gabe, bera bakarrik, gitarraren, eta noski, ahotsaren laguntzarekin.

Zure bira berriarekin zatoz Tolosara larunbatean. Bakarrik taularatuko zara, gitarraren laguntzarekin.
Talderik gabe ari naiz kontzertuak ematen bizitzan lehenengoz. Askok uste dute ni horrela hasi nintzela, baina, ez, beti egon naiz lagunduta. Talde txikiagoa ala handiagoa, baina, beti izan dut taldea alboan. Bitxia da, beti deitu izan bainaute bakarlari, kantautore edo solista. Hala izango naiz, baina, sekula ez naiz orain arte bakarrik atera taula gainera. Banuen nire buruarekin zor txiki hori, eta orain ari naiz kitatzen bira honekin.

Musika ibilbide osoan kantutegi aparta osatu duzu. Bira honetarako nola egin duzu aukeraketa?
Nolabaiteko atzera begirako bat egin dut, ia disko guztietatik igaroz. Aspaldi jo gabeko kantuak jotzeko ere ari naiz baliatzen bira. Era berean, saiatzen naiz emanaldiz emanaldi abestiak aldatzen. Eta, sekula ez bezala azalduz, gitarra eta ahotsez, jaiotzen diren moduan, alegia.

Tolosako biharko zerrenda aukeratua al duzu?
Aurreko zortzi emanaldietan erabili dudana izango da ardatza, baina aldaketaren bat ere egingo dut, eta abesti berriren bat ere tartekatuko dut.

Euskal kantutegian ohiko edo klasiko diren abestiak ere izango al dira entzungai?
Horiek ere sartuko ditut, eta hori izaten da jendearentzat askotan, berritasuna. Izan ere, kantu horiek diskoaren eran soilik ezagutu eta entzun dituzte, musikarien laguntzarekin. Orain, ordea, sorreran izan ziren moduan ezagutzeko aukera dago, bere soiltasun, eta aldi berean, osotasun horretan.

Sortze prozesuan bezala, beraz.
Hala da. Gertatzen dena da, ni ere ez naizela duela 17 edo 18 urte nituenean bezalakoa [kar. kar].

ELKARRIZKETA OSOA AUDIOAN, ETA OSTIRALEKO ASTEKARIAN

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!