Vanesa Lopez: "Korrikalari guztiak zoriondu ditugu"

Asier Imaz 2015ko mar. 3a, 16:16

Tolosa Atletismoa Taldea hiru talderekin joan zen Espainiko Taldekako Kros Txapelketara, igandean. Caceresen jokatu ziren lasterketak, eta hiru mailatan parte hartu zuten tolosarrek: kadeteetan, promesetan, eta kros motzeko seniorretan. 

Maria Lasa, Izaro Perurena, Eneida Saldias, Maddi Sanchez eta Libe Martinez de Rituertok osatu zuten kadeteen taldea. Gehienentzat Espainiakoa jokatzen zuten lehen aldia zen, eta urduritasuna nabari zitzaien. Hala eta guztiz bikain aritu ziren, eta taldeka, 14. postua lortu zuten. Txalotzekoa. Etorkizunean zeresan handia emango du talde honek. Helmugan lehena Maria Lasa izan zen, 12. amaituz.

Promesa mailan, talde indartsuarekin joan zen Tolosa; Unai Arroyo, Ander Ortiz, Iker Beristain, Ander Etxeberria eta Aitor Urretabizkaiarekin. Unai Arroyo izan zen taldeko lehena, 10. sailkatuz. Minarekin amaitu arren, lasterketa bikaina egin zuen Arroyok, Espainia mailako goi mailako korrikalarien pare amaituz. Taldeka, tolosarrak 10. postuan geratu ziren. Postu bikaina, batez ere, aurretik geratu ziren taldeen maila kontuan hartzen bada.

Amaitzeko, kros motzeko senior taldea Unai Señoran, Juan Luis Gomez, Aitor Gisasola eta Aritz Garinek osatu zuten. Euren lehen parte hartzean, taldea 46. utzi zuten. Hauek eginikoa ere txalotzekoa izan zen.
Tolosa Atletismoa taldetik korrikalari guztiak zoriondu nahi izan dituzte: «Zorionak korrikalari guztiei, seguru gaude hau hasiera besterik ez dela, eta kros munduko lorpen eta albiste on gehiago izango ditugula etorkizun batean, talde bikaina dago eta! Aupa zuek!».

Bi errekor Gipuzkoakoan
Bestalde, Gipuzkoako absolutu mailako txapelketako lehen bi jardunaldiak jokatu dira asteburuan Donostiako Belodromoa, eta atleta ugarik marka absolutuak edota pertsonalak hobetu dituzte.

Lehen jardunaldian, bi errekor egin zituzten tolosarrek: Alde batetik, Maddi Perurena ibartarrak pertiga jauziko 2.41eko marka gainditu zuen. 2.60ko jauzia egitea lortu zuen; bestalde, Lander Gil hernialdearrak 400 metroko marka ezarri zuen: 49.87 segundoan geratu zuen kronometroa, eta bera izan zen Gipuzkoako txapeldun. Aurreko marka, Iker Epelde tolosarrak zuen, hain zuzen 49.93koarekin. Andu Martinez de Rituertok ere denboraldiko markak hobetu zituen altueran 1.73koarekin. Pisuan ere 10 metrora jaurti zuen eta brontzezko domina lortu zuen.

Gainontzeko atletek ere parte hartze bikaina izan zuten, marka pertsonalak hobetuz: Ander Urangak, Jon Ander Aurkiak, Lara Torregaraik eta Laura Biurrunek 60 metrokoan -azken honek baita 300ekoan ere bai-; Jone Agirrezabalak luzeran; Iñaki Beitiak 600 metrokoan; Leire Ezkerrok hesietan; Ane Etxeberriak 400 metrokoan; Ainara Lakuntzak 300 metrokoan; eta Eneko Omeñakak eta Urko Odriozolak 600 metrokoan.

Bigarren jardunaldian ere, igandean, marka ugari izan ziren: 60 metro hesietan Jone Agirrezabalak, Maddi Perurenak, Alejandro Herrerok eta Andu Martinez de Rituertok hobetu zuten; 200 metrokoan Ane Etxeberriak; Jon Ander Aurkiak 23.22ko denborarekin brontzezko domina irabazi zuen; eta Eunate Martinez de Rituertok ere altuera jauzian bere marka berdintzearekin batera zilarrezko domina eskuratu zuen.

Asteburuan, Donostian, beteranoen Espainiako Pista Estaliko Txapelketa jokatuko da. Andu Martinez de Rituerto, Armando Roca, Juan Karlos Etxebeste Moxo eta Sergio Roman bertan izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!