Euskal Ligan, jaitsiera postuetatik ezin ihes egin

A. Imaz 2015eko martxoaren 3a

Zarautzen aurkako partidara baja ugarirekin iritsi ginen. Jokatzeko moduan zeudenak, gogor ekin zioten, baina bigarren minutuan, korner batean, euren gola iritsi zen. 

Aurreko partidan bi gol sartu zizkiguten kornerretik, eta oraingoan, hasi bezain laster. Ondoren zer gertatu zen? Markagailuan esaten du dena. Lehenbailehen ahaztu behar dugu partida hau, eta hurrengoa prestatzen hasi. Beheko postuetatik puntu batera gaude, eta hemendik aurrerako partida guztiak hil ala bizikoak izango dira. Hurrengoa, Usabalen izango da 17:30ean, Barakaldoren aurka.  

Jubenilek irabazi egin zuten euren partida, Amaikak Baten etxean, 0-1. Gola Ainhoa Bengoetxeak sartu zuen. Partida ederra izan zen.

Kadeteek 2-1 galdu zuten Lazkaon. Urdinen gola Zuriñe Iglesiasek sartu zuen.

Infantiletan, bi taldeek irabaztea lortu zuten. Tolosa Ak 2-1 irabazi zion Oiartzuni. Emaitza berarekin gainditu zuten Zumaiako Tolosa Bk. Izarne Sarasola, Nora Sanz, Lore Etxaburua eta Nahia Alkorta izan ziren goleatzaileak.

Azkenik, alebinek, gol festa bizitu zuten. Lazkaoren aurka, Tolosa Ak 0-9 irabazi zuen. Ordizia B eta Tolosa Bren artekoa, seina amaitu zen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!