Sufritzen ez dakienak...

A. Imaz 2015ko mar. 2a, 19:44

Iker Dorronsoro Tolosa CF taldeko entrenatzailearen hitzek argi uzten dute larunbateko partidaren garrantzia.

Hirugarren postuan jarri da Tolosa CF. Larunbatean, bigarrenaren aurka jokatu zuen Berazubin, eta 2-1 irabazi zion. Bost puntuko tartea, bira murriztu zion Aretxabaletari. Horrez gain, Anaitasunak etxean berdindu egin zuenez, postu bat irabazi zuen sailkapenean. Asteburu borobila.


Partida, ikusgarria izan zen. Lehen zatia, gogoangarria. Baina aurkaria bi jokalari gutxiagorekin geratu zen arren, azken segundora arte, sufritzea tokatu zen.


Aretxabaleta bikain irten zen zelaira, aukera onak sortuz. Tolosak baloia hartu zuenean, gauza bera gertatu zen. Bi talde handi, nor baino nor, eta joko bizi-bizia: aukerak alde batean, gero bestean, eta horrela, etengabe. Ikusgarria eta txalotzekoa:a zer gozamena zaletuena!


Etxekoek lortu zuten aurreratzea, Pabloren burukada bikain baten ondoren; Jon Gomez erdilariaren ukitua luxu bat da, eta atzelariak eskertu zion goleko korner horretan.


Bigarren zatian kanpotarrak berriro nagusi. Baina Tolosak kontrolpean zuen jokoa. Falta batean, ordea, erdi lo edo zeudela, kanpotarren berdinketa... Ordura arte Rubenek dena gelditu zuen, baina golean ezin izan zuen ezer egin. Ruben ere partida osoan, ikusgarri!


15 minutu falta ziren amaierarako eta Aretxabaleta behetik gora; gola sartu eta baloia eurek eraman zuten zelai erdira. Garaipenaren bila zebiltzala, ordea, Ibanek alboko sakea luze atera, Pablok buruz borrokatu, eta atezainaren eskuen ingurura joan zen baloia. Eta hor, betikoa agertu zen: Fuentes!


Hiru puntuek bazuten jabea, baina azken segundoan, epaileak falta adierazi zuen Tolosaren area ertzean. Lehen gola justu hortik sartu zuten! Baina ez bigarrena.


Hamaika jardunaldi gelditzen dira liga amaitzeko, eta bigarren postu preziatua garesti dago. Liga bizi-bizirik dago, eta talde guztiei, sufritzea tokatu zaie une batean edo bestean. Begira bestela Aretxabaletari: Hasieratik lehen postuan jarri ziren. Bigarrenari zazpi puntu ateratzera iritsi ziren, eta orain, Aurrera, 11 puntura dute! Ez hori bakarrik, bigarren itzulian ez dute partidarik irabazi, 15 puntutik hiru bakarrik lortuz.


Anaitasunak ere gora behera handiak izan ditu denboraldian, eta Zarautzen aurka etxean berdindu ondoren, laugarren postura jaitsi da. Aukerako partida zen eurentzat asteburukoa, baina ezin, eta orain, sufritzera.


Tolosaren lehen itzulia gorabeheratsua izan da; asko sufritzeko modukoa. Baina azken 18 puntutatik 15 lortu ditu, eta hirugarren dago orain.


Erregional Ohorezko Maila ikusgarri dago, bizi-bizirik, eta talde guztiei begiratuta gauza bat ikusten da: denek sufritu dutela, eta sufritu beharko dutela. Ondorioz, beste gauza bat geratzen da argi: sufritzen ez dakienak denboraldi honetan jai izango duela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!