41 segundotan, Gipuzkoa Encounterreko aulkiak lepo

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko otsailaren 27a

Martxoaren 13tik 15era bitarte ospatuko dute aurtengo party-a, eta denbora errekorrean erreserbatu dituzte aurtengo lekuak.

2015ak ere informatikazaleei txokoa egingo die Tolosan, Gipuzkoa Encounter topaketarekin. Urtez urteko markak hautsiz, aurten 41 segundotan bete dira martxoaren 13tik 15erako leku guztiak; horrela, 400 ordenagailu bertaratzeko aukera izango dute, 600 informatikazale inguruk. 

Errekorra marka da gero, izan ere, iaz minutu eta 27 segundo behar izan zituzten, zaleek, Usabalgo eserleku guztiak erreserbatzeko. Atzera eginez, berriz, 2011n hiru ordutan bete ziren tokiak eta, 2012an, 12 minutuan; 2013an, berriz, 2 minutu eta 20 segundoan bukatu ziren encounterrean parte hartzeko txartelak.

Datorren martxokoarekin, bederatzigarren Gipuzkoa Encounterra izango da aurtengoa, eta arte digitaleko, hardwareko eta software libreko lehiaketak egingo dituzte, besteak beste; halaber, sareko jokoez nahiz hitzaldiez gozatzeko aukera izango da.

Aurreko jaialdietan bezalaxe, Tolosako Udalak eta Euskaltel Fundazioak antolatuko dute egitasmoa, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren babesa ere jasoko dute. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!