Kalparsoro, bando nazionalean hegazkinlari

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2015ko ots. 27a, 11:49

Espainiako 1936ko Gerran Tolosako pertsonai berezi bat izan zen, nazionalen alde Legion Condorreko (Hitlerrek Franco laguntzeko bidalitakoa) abiazioan ibili zena eta gero bere biografia idatzi zuten: Jose Ramon Kalparsoro Perot (Tolosa 1908-Madril 2009). 

Industrigintzan oso ezagunak izan ziren (eta oraindik diren) bi familietako semearen ibilbidea ezagutzera emango dugu gaurko honetan. Ehun urterekin hil zen, baina urte batzuk lehenago elkarrizketatzeko aukera izan genuen Madrilen bizi zen egoitzan.

1908an jaio zen Tolosan Jose Ramon Kalparsoro. Aita Ildefonso Elduako paper fabrikako nagusia zen, oraindik martxan dagoena enpresa suediar baten filial gisa. Ama Blanche tela metalikoak fabrikatzen zituen enpresako nagusiaren alaba zen, Frantziatik etorritako familia batekoa. Amarekin ikasi zuen frantsesa eta zaintzailearekin, euskara. Gurasoak banandu egin ziren 1918an orduan posible zen modu bakarrean: ama Donostiako komentu batean sartuz. Handik aurrera berarekin ez zuten harremanik izan. Bi semeak, Rafael eta Jose Ramon Urduñako jesuiten barnetegira bidali zituzten. Batxilergoa bertan ikasi zuen. Han izan zituen lagun Jose Antonio Agirre eta Manuel Valdes bilbotarrak, gero Euskadiko lehendakari eta Falangeko fundatzaile izango zirenak. Aurretik Sabino Aranak ere han ikasi zuen. Aitak Peroten zuen gerente lana utzi behar izan zuen emazte ohiaren familiakoa zenez eta Jose Maria Agirre Lizardi idazlea jarri zuten bere lekuan. Aitak Gainberri etxea (gaur egungo ikastetxea) eraiki zuen 1923an eta han bizitu ziren.

Gure protagonistak ingeniaritza ikasi zuen Suitzan eta Alemanian eta praktikak egin zituen enpresetan Hitler bera ikusi zuen askotan. Han ikasi zuen alemana. Ikasketak amaituta, Elduako fabrikan lan egin nahi zuen, baina han bere anaia Rafael zegoen eta Lizardi hil zenean, bera jarri zuten Peroten gerente gisa. EAJren inguruan ibili zen gaztetan, nahiz eta ez afiliatu (bere aita Ildefonso bai), eta kirolari izanik (bizikleta, eskia, mendia, Aralarko Adiskideak eta Ski Club Tolosanoko kidea zen) hegazkin pilotu ikasten hasi zen.

Frontera «zakurra bezala» ez hiltzeko

Gerra hasi baino egun batzuk lehenago Peroteko langileek greba egin zuten eta Kalparsoro mehatxatu egin omen zuten. Euskadi Roja aldizkarian «zakur hitleriarra» deitu omen zioten. Uztailaren 18an Joakin Labaien arkitekto tolosar lagunarekin Miarritzera joan zen pilotu eskolara eta ezin izan zuten itzuli gerra piztu zelako eta muga itxi egin zutelako. Ipar Euskal Herrian eta Alemanian egun batzuk egin zituen eta Berlingo Olinpiar Jokoetan Jessie Owens atleta beltzaren garaipenak eta Adolf Hitler gertutik ikusteko aukera izan zuen. Nazionalek Tolosa hartu zutenean itzuli zen etxera eta boluntario aurkeztu zen bando nazionalean. Lehen egunetan Buruntzako lubakietan aritu zen eta gero aerodromo bihurtu zuten Lasarteko hipodromoan aurkeztu zen Aireko Armadan aritzeko, zuen esperientzia urria handizkatuz. «Erraietatik atera zitzaidan alistatzea, zakurra bezala ez hiltzeko, nire burua babesteko, askatasunagatik, beste erremediorik ez nuen», adierazten zuen Kalparsorok elkarrizketatu genuenean. Sevillan pilotatzen ikasten aritu ondoren, Aragoiko (Huesca, Alcubierre, Belchite eta Teruel) eta Levanteko fronteetan aritu zen batez ere. Tartean ezkondu egin zen Zaragozako Maria Asuncion Perez Navarrorekin. Bi seme-alaba izan zituzten.

Tolosaldeko zeruan askotan ibili zen bere hegazkina pilotatzen eta argazki batzuk badira Tolosa eta Leaburu gainean. 1937tik 1939ko otsailera 400 zerbitzu inguru egin zituen bere Heinkel 111 hegazkinarekin, 1.177 ordu, beste inork baino gehiago bonba hegazkin pilotu gisa. Bonba tona asko bota zituen, batzuetan 2.000 kilo bonba hartuta aireratzen zelako. “Bonbak bota beharrak mina ematen zidan jende asko hil nezakeelako; hala ere 4.000 metrotatik ezinezkoa da behean gertatzen dena jakitea—, zioen. Teniente maila izatera iritsi zen eta gerra amaitu zenean, III. Reichek Berlinen parada militar handia antolatu zuenean goi mailako militarra izan gabe naziek gonbidatu zuten bakarra izan zen Kalparsoro.

Legion Condorren

Hitlerrek Francoren alde egiteko bidalitako Legion Condorren Gernikako bonbardaketaren ondoren sartu zen. Estatuko lehena izan zen. «Ez nintzen sartu bakarrik alemana nekielako, nire hegan egiteko moduagatik, nire ustez. Gernikara ez joateko zorte handia izan nuen; bidaliz gero, zer egingo nuke?», zioen.

Gerra amaieran Burrianan (Castello) Papelera del Cid erosi zuen, laranjak biltzeko papera eginez. 1951ean Tetuanen (Maroko, orduan Espainia zen) beste fabrika bat ireki zuen. Geroago Perot enpresako idazkari, lehendakari eta ohorezko lehendakari izan zen eta Kalparsoro paper fabrikako kontseiluko kide. Azken esperientzia, jubilatu ondoren, Madril inguruan lur batzuetan nekazaritzan aritzea izan zen. Bere bizitzaren azken hamarkadetan, aita hil zenetik, ez zen Tolosara itzuli, anaiaren eta amaren hiletetara bakarrik hilerrira. «Gorroto didatenek hilko naute joaten banaiz. ETAkoek San Blasen hartuko naute», esaten zuen. 1992an hil zen bere emaztea eta bere errautsak Tolosako hilerriko familiako panteoian daude. Zaharren egoitza batean pasatu zituen bere bizitzako azken urteak eta 2009an hil zen, 100 urte zituela.

Rafael Kalparsoro

Jose Ramonen anaia zaharra, Rafael (Tolosa 1904-Donostia 1998), aipatzekoa da baita ere. Asuncion Elosegi tolosarrarekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten. Elduako paper fabrika zuzendu zuen. Gerraren amaieran Donostiara joan ziren bizitzera. Alor askotan nabarmendu zen: Gipuzkoako Futbol Federazioko lehendakaria izan zen, balandrotan regateatu zuen, kotxe karrerak antolatu zituen Lasarten... Baina batez ere oso musikazalea izan zen eta Asociacion de Cultura Musical-en lehendakaria izan zen urtetan, ehunka kontzertu antolatuz. Zezenak eta trenak izan ziren beste bi zaletasun handi. Bere biloba Daniel zinegile ospetsua da.

 

Biografia

2003an Cecilio Yusta Viñasek Jose Ramon Calparsoro. Un piloto español en la Legión Cóndor liburua kaleratu zuen Quiron Ediciones argitaletxean bere bizitza kontatuz. Ia berrehun orrialdetan gure protagonistaren ibilbide osoa kontatzen du argazki askoren laguntzaz. Gerra Zibileko gorabeherak eta enpresa munduko berriak alde batera utzita, Madrilgo goi maila sozialeko kide ugari agertzen dira, Botin familiarekin adibidez erlazionatuta zegoelako bere seme-alaben bidez.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!