Luizi batek Tolosako gasolindegia suntsitu du

Ataria 2015eko otsailaren 27a

Luizi bat izan da goizeko 09:15ak aldera Tolosako Santa Luzia auzoan, N-1ean Donostiarako noranzkoan dagoen gasolindegian. Lurrak guztiz jan du gasolindegia.  

Aurreko egunetan mugimenduak antzeman zituzten, eta lurraren egoera aztertzen izan dira. Gaur goizeko 05:00ak aldera, ordea, bertako langileek zerbait arraroa sumatu dute, eta jabeari ohartarazi diote baldosak mugituta zeudela. Hori dela eta, langileak bertatik atera dituzte, bada ezpada ere.

Goizeko 09:00etan lur jauzia izan da, eta guztiz suntsituta geratu dira gasolindeko instalakuntzak. Ordurako inor ez zegoenez, ez da zauriturik izan.

Gasolindegiak urtebete zeraman zabalik, antzeko luizi batek duela bi urte aurrekoa suntsitu baitzuen. Hilabete askoz itxita egon ostean, berriro eraiki zuten eta mendian harrizko horma handi bat eraiki zuten babesa emateko. Lurrak, ordea, horma hori ere irentsi du gaur.

Repsol-en gasolindegia zen, Gureak enpresak kudeatua. Hain zuzen, azken enpresa honetatik ohar baten bidez adierazi dute bertan lan egiten zuten 15 langileak "lanik gabe geratu direla, baina beste edonon kokatzeko esfortzua" egingo dutela. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!