Udalbatzak ez ditu euskararen aurkako erasoak era bateratuan salatuko

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ots. 25a, 12:54

Kontseiluak iazko udaberrian agerraldia egin zuen Tolosan, arrazoi beragatik.

Atzo Tolosako Udalean egindako ohiko osoko bilkuran, erregistro zibilen pribatizazioa aho batez salatu zuten, besteak beste.

Datorren larunbaterako Kontseiluak Donostian deitu duen manifestazioa hizpide izan zen Tolosako azken ohiko osoko bilkuran. Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Carlos Urkijok azken urteotan hartutako neurriak salatu zituzten, bai udal gobernuak, baita EAJk ere.
«Euskararen normalizazio neurrien aurkako jazarpen judizialak 2015ean areagotu» egin izana nabarmenduz, udal gobernuko kideek gogor salatu zuten Urkijoren jarduna: «Euskararen ofizialtasuna zalantzan jartzen dute». Horrela, Kontseiluak larunbaterako deituriko manifestazioarekin bat egingo dutela azalduz, Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara leloa aldarrikatu eta herritarrei mobilizaziora bertaratzeko deia egin nahi izan zieten, mozioaren bitartez.
EAJko udal taldea, ordea, ez zen ados agertu hasierako mozio horrekin, eta proposamen alternatiboa aurkeztu zuten. Bilkuran eten txiki bat egin eta bi adierazpenak bateratzen saiatu ziren arren, ez zen posible izan; EAJk bere mozioa defendatu zuen, beraz. Urkijoren jarduna salatze horretan EH Bilduko udal gobernuarekin bat etorri ziren: «Euskal erakundeen jardun politikoa epaitegietara makurtzen du». Modu horretan, herritarrekin nahiz erakundeetan lan egiteko hizkuntza euskara izatea aldarrikatu zuen jeltzaleen idatziak.
Jazarpenari aurre egiteko, ordea, aldarrikapenak baino, legezko bideak urratzeari lehentasuna eman nahi dio EAJk: «Gure estrategia bere aurka legez egitea da, oraindik onartzeke dagoen udal legearekin, Euskal Funtzio Publikoaren legearekin eta Euskal Administrazioaren legearekin», azaldu zuen Jokin Azkuek.
Behin desadostasunak plazaratuta, Inaki Irazabalbeitiak hartu zuen hitza, aldarrikapenen bidea eta bide judiziala, «biak beharrezkoak» direla nabarmenduz: «Urkijoren aurka udal hau kaltetuetako bat izan da, eta bide judizialak ezinbestekoak dira. Baina herritarrak ere aktibatu egin behar dira, konpromisoa ager dezaten, eta horretan hankamotz geratzen da EAJren mozioa». Bide beretik, Lore Agirre alkateordeak «euskararen inguruko gaietan ere bi mozio aurkeztu behar izatea tristea» dela azpimarratu zuen. Horrenbestez, gaia bozketara pasata, EH Bilduko udal gobernuaren mozioa onartu zuten.

Erregistro zibilen auzian, guztiak ados
Bilkuran izan ziren aho batez onartutako zenbait gai ere; tartean, erregistro zibila pribatizatzeko aukeraren aurkako mozioa.
Onarturiko adierazpenaren arabera, «herritarren bizitzako gertakizun garrantzitsuenetarikoak» jaso behar izaten dira erregistroan, eta «betidanik publikoa» izan dela ere gogora ekarri zuten. Azken urteotan, gainera, Espainiako Gobernuak 128 milioi euroko inbertsioa egin du erregistroetan teknologia berriak txertatu, eta funtzionamendua hobetzeko.
Horregatik, Tolosako udalbatzak gogor salatu zuen «PPren gobernuak erregistroa pribatizatzeko» duen ahalegina: «Batetik, lanpostu publikoak galduko lirateke, eta bake epaitegiek ere eskumenak galduko lituzkete, desagertze bidean; horrek Tolosakoaren gisako epaitegiak pixkana desagertzea ere ekar lezake. Gainera, nahitaezkoak diren zerbitzu horien truke tasak jarriko dituzte, beraz, merkataritza jarduera bilakatuko da erregistroarena».

Borroka feministari babes zabala
Datorren martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunak ere tarte zabala izan zuen atzoko plenoan, hautetsien aldetik. Gai honi zegokion adierazpena ere aho batez onartu zuten zinegotzi guztiek, eta «emakume guztien borroka omentzearekin batera, bide horien azterketa egiteko aukeraz» ere aritu ziren.
EH Bilduk eta EAJk hiru aferatan jarri zuten arreta, onartutako adierazpenarekin, eta genero indarkeria izan zen lehena. 30 urtetik beherako bikoteetan indarkeria matxista hazten ari dela azpimarratu zuten, eta horren aurrean kezka azaldu: «Gazteek jazarpena normaltzat hartzen dute, eta kontrol jarrerak gero eta ohikoagoak dira, hori da, beraz, egungo kezka feministetako bat».
Halaber, abortuaren legea atzera bota izana positibotzat jo arren, 18 urtetik beherako emakumeei kasu horietan ezarri nahi dieten legeaz ohartarazi zuten. Martxoaren 8ko aldarrikapenen artean indartsuena, ordea, gaur egun oraindik ere emakume eta gizonen arteko desberdintasun laboralen aurka egin zuen Tolosako Udalak: «Ekonomia kapitalistak gutxietsi egiten ditu etxeko lanak edo zaintza lanak, nahiz eta jakin bizitzaren oinarri direla; gainera, lanpostu horiek emakumeari egozten zaizkio, oro har. Lan merkatuan, horrela, emakumeak leku marjinala du oraindik ere, datuei begira, gizonezkoek baino %36 gutxiago kobratzen baitute emakumeek».
Egoerari erantzunez, udal politiketan parekidetasuna zeharkako tresna izateko konpromisoa hartu zuen udalak, eta sail horri dagozkion arlo guztiak indartzen jarraitzekoa. Bide horretan, ezein eraso sexistaren aurrean jarrera ez permisiboa izateko hautu argia egin zuten plenoan, datorren martxoaren 8ko deialdietara herritarrak gonbidatuz.

Tolosatik bultzada sahararren borrokari
39. urtemuga beteko ditu, bihar, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoak. Hori dela eta, urteroko moduan, udalak aho batez onartu zuen saharar herriaren gatazka babesteko testua. Lurralde okupatuetako giza-eskubideen defentsa aldarrikatu zuten eta, bide horretan, ostiralean sahararren bandera zintzilikatuko dute udaletxeko balkoitik. Aktualitateari begira, gainera, Hassana AAliaren asilo politikoa galdegin zuten beste behin.

Kargu-hartze berria
EH Bilduko udal taldean kide berri bat ariko da, aurrerantzean. Duela zenbait aste Miren Urkolak kargua utzi behar izan zuen eta, haren ordez, hauteskundeetara bitarte, Silvana Ostiza ariko da lanean, Parekidetasun saileko zinegotzi moduan.
Ostiza hiru bider izan da Tolosako Udaleko zinegotzi, eta azken legealdia ilegalizazio garaian bete zuen. Horrela, «gogotsu» hartu du postua, «denbora gutxirako bada ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!