«Betiko istorioen ordez, zerbait ezberdina egin nuen»

Imanol Garcia Landa 2015ko ots. 25a, 11:50

Bergarako Amodiozko Gutunen Lehiaketan Gazteen Saria eskuratu du Leire Urretabizkaia uganetarrak; lehen aldia da aurkeztu dena horrelako lehiaketa batera eta ezustean jaso du sariaren albistea.

Ez zuen ohitura idazteko eta gutxiago lanak lehiaketara bidaltzeko. Baina horrela dira kontuak, lehenengoa bidali eta horixe saritu. Guztira 87 lanek parte hartu zuten Bergarako Amodiozko Gutunen Lehiaketan eta Leire Urretabizkaiak (Ugane, 1998) Gazteen Saria jaso zuen, hau da, 26 urte azpiko parte hartzaileen artekoan.

Espero zenuen saria jasotzea?
Egia esan ezustekoa izan da, ezusteko handia, ez bainuen espero.

Nolatan aurkeztu zinen?
Irakasle batek esan zigun, eta gainera lehengo urtean lagun bat aurkeztu zen eta berak gomendatu zidan, eta saiatzea pentsatu nuen.

Eta zer esan zizuten zure ingurukoek saria jaso zenuenean?
Ez zuten espero. Nik ez nuen pentsatzen saria jaso nezakeenik, eta idaztera animatu zidan lagunari nik uste, ilusio gehiago egin ziola sariaren berri jakitean.

Idazten aritzen zara?
Ez naiz aritzen, egia esan. Pentsatu nuen saiatzea, ez nuela ezer galtzeko eta.

Irakurtzeko zaletasunik baduzu?
Ez asko. Eskolatik bidaltzen dutena, eta hortik aurrera ezer gutxi. Egunkaria irakurtzen dut, baina bestela ezer gutxi. Idazteko ere ez dut izan ohitura berezirik.

Jasotako sariak ezkutuan zegoen zaletasunen bat piztu du?
Argi dago orain beste modu batera hartuko dudala idaztearena, eta baliteke beste lehiaketaren batera bidaltzen saiatzea lanen bat. Agian zailagoa ere suertatzen da, aurretik sari bat irabazita izanik.

Gutunaren amaiera ez da oso alaia. Hasieratik horrela idaztea pentsatu zenuen?
Hasi nintzenean, hasiera ezabatu egin nuen, baina gero pentsatu nuen horrela bukatzea. Nire ustez betiko istorio horiek oso entzunak daude, eta pentsatu nuen zerbait ezberdina egitea.

Eta azkenean zein izan zen lehenago atera zena, argudioa bera edo bukaera?
Ez nekien oso ondo nola bukatuko zen hasi nintzenean, baina gero pentsatu nuen heriotza batekin bukatuko nuela eta horrelaxe egin nuen.

Zer egin zaizu zailena gutuna harilkatzeko?
Modu batera hasi nintzen eta konturatu nintzen bukaeran beste modu batera egin nahi nuela, eta orduan hasiera aldatu egin nuen. Baina, gero azkar egin nuen aldaketa.

Bergaran izan zinen saria jasotzeko. Saria jaso zuten beste gutunak entzuteko aukera izan zenuen?
Bergarako bertako saria irabazi zuena eta denera bigarren geratu zena egon ziren eta irakurri zuten; lehen saria eskuratu zuena kanpoan zegoen. Entzundakoekin ideia pila bat etortzen zaizkizu. Gainera liburuxka bat eman ziguten beste urteetan sariak irabazitakoekin eta hori irakurrita ideia asko jasotzen dituzu.

Epaimahaiak zerbait esan zuen zure lana saritzean?
Bertako epaimahai gazteak erabaki zuen saria, eta esan zuten ezberdina iruditu zitzaiela besteetatik, eta gehiena iritsi zitzaiena izan zela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!