Amaia Arranz: «Lan asko egin behar da, baina merezi du»

Maier Ugartemendia 2015ko ots. 25a, 09:00

Amaia Arranz tolosarra da, arkeobotanikan aditua eta egun Kopenhageko (Danimarka) Unibertsitateko proiektu batean ari da lanean

Amaia Arranz (Tolosa, 1987) munduan zehar asko bidaiatutako pertsona da. Egun Kopenhagen (Dinamarka) aurkitzen da doktorego ondorengo proiektu batean parte hartzen. Arkeologiari buruz hitz egin digu.

Kopenhagen aurkitzen zara une honetan, baina zertan?

Doktoregoa urtarrilean amaitu nuen, eta otsailean post-doktoregoarekin hasi naiz. Bi urtetarako kontratatua nago. Helburua, Jordanian kokatutako historiaurreko aztarnategi batzuk aztertzea da; batez ere landare aztarnak. Zeren ni arkeobotanika naiz eta aztarnategi arkeologikoetan aurkitzen diren landareak aztertzen ditut. Aztarnategiak Shubayqa izena du, eta duela 15.000 urte datatuta dago. Orduan ez zegoen nekazaritza eta jendea basa landareak ustiatzen ari zen.

Jordaniako aztarnategia Danimarkatik aztertzen duzue. Nola egiten duzue?

Tobias Richter izeneko ikertzaile bat dago hemen. Bera Danimarkako Unibertsitateko irakaslea da, eta bere proiektuak Natufiar garaia aztertzea du helburu. Garai oso hotza eta lehorra izan zen, eta klima horrek gizakiaren bizimoduan nola eragin zuen eta nola baldintzatu zuen aztertu nahi du.

Danimarkan bertan zer moduz egokitu zara?

Klima oso hotza da, baina Euskal Herrian ere nahiko hotza eta euritsua izaten dugu; beraz, ez da aldaketa handia izan. Bestela, Danimarkan diru asko inbertitzen da unibertsitate eta ikerketa munduan, eta beraz, ikertzeko aukera asko dago. Alde horretatik esperientzia polita eta garrantzitsua izaten ari da.

Historian lizentziaduna, kuaternarioko zientzietan masterra eta arkeobotanikan doktorea zara. Hain zuzen ere, doktorego tesia aurkeztu berria duzu.  

Nik aztertu dudan aztarnategia Siria hegoaldean kokatzen da, Tell Qarassa North izena du eta 10.700-10.200 urte ditu. Arkeobotanika bezala ikatzetan eta hazietan egin dut analisia. Ikatzen bitartez jakin dezaket nolakoa zen paisaia, zer nolako errekurtsoak zituzten... Adibidez, sute baten ondorioz eroritako teilatu bat aurkitu genuen, eta horren ondorioz jakin genuen nola eraikitzen zituzten etxeak. Baita zedroa ustiatzen zutela, eta beste lurralde batzuetatik ekartzen zutela. Hazien bidez jakin dezakegu, etxekotutako landareak erabiltzen ari ziren ala ez. Gai desberdinak jorratu ditzakezu arkeobotanikaren bidez, eta saiatu naiz gai guzti horiek aztarnategi honekin lotzen.

Ondorio nagusiak zeintzuk izan dira?

Alde batetik, landareria nagusia legeltxor eta almendrondoa zela, baso-estepa motakoa. Bestetik, zedroa ekartzen zutela urruneko lekuetatik. Eta hazien kasuan, etxekotzearen aztarnarik zaharrenak aurkitu ditugu. Orain arte pentsatzen zen Turkian sortu zirela eta bertatik Siria eta Jordaniara zabaldu zirela. Baina, gure aztarnak erakutsi digute etxekotutako lehenengo haziak Sirian aurkitzen direla.

Aurrera begira honetan lanean jarraitzeko asmoa duzu?

Aztarnategi honetako arazo nagusia da Sirian kokatuta dagoela; bertan gerra egoeran daude eta ezin dugu industen jarraitu. Baina, etorkizunean itzuli nahiko genuke. Aztarnategia zabaldu eta gauza gehiago aurkitzeko. Hala ere, orain nire lehentasuna jada dauzkadan emaitzak aldizkari espezializatuetan publikatzea da.

Zuen lanean indusketak egitea ezinbestekoa da. Non ibili izan zara lan horiek burutzen?

Ni induskatzen duela hamar urte hasi nintzen, Altzolan (Bizkaia). Garai horretan, Bartzelonako Unibertsitatean ari nintzen ikasten eta bertako irakasle bat Nikaraguan ari zen lanean. Hori izan zen nire bigarren indusketa tokia. Han estruktura Megalitokoak induskatu genituen. Beranduago ekialde hurbilera bidaiatzen hasi nintzen, Bartzelonako Unibertsitateko eta CSIC-eko ikerlatzaileekin eta EHUko irakasle batekin batera. Lehenengo indusketa Sirian, Homs inguruan izan zen. Bertan Neolito garaiko herri txiki bat induskatu genuen eta baita Natufiar garaiko beste estruktura batzuk ere. Bigarren gunea Tell Qarasa izan zen; neolitiko garaiko aztarnategia da, oso polita, basaltozko harriekin egindako estruktura. Libanon ere egon nintzen, eta azken lau urteetan Jordanian aritu naiz lanean. Natufiar garaiko Shubayqa aztarnategian eta inguruko beste batzuetan.

Nolakoa da horrelako herrialdeetan induskatzen aritzea?

Herrialde bakoitza oso desberdina da. Sirian jendea gogoratzen dut, zein jatorrak ziren eta beti laguntzeko prest zeudela. Libanon ere jendea jatorra da, baina ez genuen horrelako kontakturik izan, eta herrialde bezala aurreratuagoa eta modernoagoa da. Jordania, berriz, bien arteko zerbait dela esango nuke.  Jendea da gehien gogoratzen duzuna. Hori bai, lanerako baldintzak oso gogorrak izaten dira. Egunero ia 15-17 ordu egiten dugu lan eta baldintzak oso gogorrak dira. Jordanian, esate baterako, basamortuan geunden, argindarrik gabe, kanpinean, 40 gradutan, moskito, eskorpioi eta sugeekin. Arkeologoa izatea oso idilikoa dela ematen du, baina, gero lana oso gogorra izaten da.

Lan asko izaten al duzue?

Bai, niri hara noanean askotan esaten didate: ze ondo! berriro oporretara zoaz!. Hara joaten zarenean lanean besterik ez duzu pentsatzen, ahalik eta indusketa onena egiten eta emaitzarik onenak lortzen saiatzen zara. Ez da denbora asko izaten turismoa egiteko. Lehen bi egunetan aklimatatzen ari zaren bitartean hiriburuak bisitatzeko aukera edo izaten da, baina ez daukazu denborarik turismoa egiteko, eta daukazunean, atseden hartzeko probesten duzu, nekatuta egoten baitzara.

Erraza al da zurea bezalako proiektuak aurrera eramatea Euskal Herrian?

Bai, posible bada. Baina lan asko egin behar duzu horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko eta diru laguntzak behar dituzu. Euskal Herrian Espainian baino diru laguntza gehiago izaten ditugu ikerketa proiektuetarako, baina hala ere, oso zaila da. Normalean erakundeek errazago izaten dute proiektuak gauzatzea.

Egunen batean hemendik lan egitea da zure helburua?

Hori da denok nahi duguna, etxera itzuli eta zuk nahi duzunean lan egin. Nahiko nukeen zerbait da, baina horretarako uste dut lan asko egin beharko dudala.

Aurrera begira zer asmo dituzu?

Maiatzean Jordaniara bueltatuko naiz, beste indusketa saio bat egiteko, eta bertan pasako dugu hilabete eta erdi. Bueltan aurkitutako aztarnak ikasi eta aztertzea izango da, eta baita publikatzea ere. Horrez gain, urrian unibertsitatean irakasle bezala ariko naiz. Unibertsitate honetan arkeobotanika ez da asko ezagutzen, ni naiz bakarra hori lantzen duena. Eta helburua ikasleak disziplina honetara gerturatzea da.

Zerbait gehitu nahiko zenuke?

Norbait arkeologian interesatua badago, nik animatu egin nahiko nuke. Zeren normalean hemezortzi urterekin edo arkeologoa izan nahi duzula esaten duzunean, horrek irteerarik ez duela esaten dizute. Baina, benetan gustatzen bazaizu, pertsona horri gomendatzen diot aurrera egiteko. Lan asko dela baina merezi duela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!