Munduko txapelketako lehen proban, Rojo 53. postuan

Asier Imaz 2015ko ots. 23a, 18:28

Iraupen eskian munduko txapelketa jokatzen ari dira Suedian. Imanol Rojo bertan dago. Bere lehen proban, skiathloian, 53. gelditu zen, larunbatean. Gaur, 10 kilometroko lasterketan parte hartuko du. 

Azken lehia, otsailaren 28an izango du tolosarrak, 30 kilometroko proba.


Munduko txapelketa hilaren 18an hasi zen, Falungo eski estazioan, eta martxoaren 1ean amaituko da. Aipatu bezala, lehen lehiak jokatu dira, eta lehen dominak ere banatu dituzte. Skiathloian, Rojoren proban, Maxim Vylegzhanin errusiarra izan zen azkarrena. Bere atzetik Dario Cologna suitzarra helmugaratu zen. Podiuma Alex Harvey kanadiarrak osatu zuen. Imanol Rojok ezin izan zuen lehen berrogeita hamarren artean sailkatu.  


Espainia osotik bi ordezkari bakarrik joan dira munduko txapelketara, kirolari moduan. Imanol Rojo euskalduna eta Laura Orgué kataluinarra. Bakoitzak hiru probatan parte hartuko du. Hauekin, entrenatzaile laguntzaile moduan, Joseba Rojo joan da, Imanolen anaia.


Eskiatzaile tolosarrak arnasa hartzeko arazoekin ekin zion denboraldiari, baina dirudienez, «animoso» joan da Suediara, Alpino Uzturre bere Tolosako elkartetik azaldu dutenez. Falunekoa ez da Rojoren lehen munduko txapelketa, izan ere, 2013an Val di Femmen izan zen. Horrez gain, eskiatzaileak Neguko Olinpiadak zer diren ongi daki, iaz Sochin egoteko aukera izan baitzuen. Aurtengo denboraldiari dagokionez, Eslovakian izan zen, Unibertsiadan. 30 kilometrotako proban, 13. sailkatu zen tolosarra. Otsailaren 15ean, Italiako Val Casies haranean, Euroloppet-eko 42 kilometroko skating estiloko lasterketa ospatu zen, eta irabazlea Giogio Di Centa italiarra izan zen. Imanol Rojo bederatzigarren postuan helmugaratu zen.


Suediara joan aurretik, Imanol Rojok bere helburua lehen 30 postuetan sailkatzea dela esan zion federazioari. Horretarako bi aukera geratzen zaizkio Alpino Uzturre elkarteko kideari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!