Nera Lopez, estereotipoak auzitan jartzen trebeena

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko otsailaren 23a

Aurrez aurre arte multidiziplinarioen I. lehiaketara 44 lan aurkeztu dira, eta datorren martxoaren 5etik aurrera erakusketa ikusgai izango da.

Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Tolosako Udaleko Parekidetasun Sailak hainbat arte diziplina bildu dituen Aurrez aurre lehiaketa antolatu du, lehenengoz. Joan den ostiralean elkartu ziren epaimahaikideak, eta Nera Lopez Lanzeta tolosarraren lana hautatu zuten, irabazle izateko. Nabarmentzekoa da, Maite Garbayo, Danele Sarriugarte eta Leire San Martin izan direla erabakia hartu dutenak.

Guztira 44 lan aurkeztu dituzte lehiaketara, eta Lopezen obra aukeratu dute, besteak beste, "emakumea/feminismoa eta gizona/maskulinitatearen arteko uztartzea egiten duelako eta, modu horretan, horiei loturiko estereotipo eta rolak apurtzen dituelako". Bide beretik, epaimahaiak lan irabazleak proposatzen duen feminitate modeloa eta azpimarratu du epaian.

Bigarren saria Algorta aldera joan da, izan ere, Jokin San Jose Martinezen Berdintasuna ez da joko lana aukeratu dute. Bideo joko bat oinarri izan du algortarrak, eta rolak eta generoak ohikoen alderantzizkoak dira bere obran.

Aipatzekoa da, hirugarren saria ere tolosar batek jaso duela, Oihana Ugartek. Komunikazioa Inkomunikazioa izenburupean, grabatu bat egin du eta, epaimahaikideen iritziz, "oso hizkera garaikidea erabili du bertan, hainbat nortasun erakutsiz".

Azkenik, Gurutze Gorriko Algara eguneko zentrokoen Egunetik egunera, emakumeak aurrera lanari aipamen berezia egin dio lehiaketako epaimahaiak; zentroko kideek emakumearen historia anitza islatu nahi izan dute.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako lehen lehiaketa honetara aurkeztutako lanekin erakusketa prestatuko dute, eta datorren astetik aurrera obra guztiez gozatzeko aukera izango da Aranburu jauregian; martxoaren 5ean zabalduko dute, Askatu korapiloa izenburupean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!