Sua itzaltzetik haratago

Jone Amonarriz 2015ko ots. 22a, 10:04

«Etxeko sua etxeko hautsez estali behar da» dio esaera zaharrak. Baina benetako suaz ari garenean, kontuak oso bestelakoak dira. Sua handia edo txikia izan, laguntza lehenbailehen eskatzea zein garrantzitsua den nabarmendu nahi dute eskualdeko suhiltzaileek.

Oriako parkean izan da TOLOSALDEKO ATARIA Joxe Martin Beobide sarjentuarekin, Jorge Mesa teknikari laguntzailearekin eta Mikel Zubeldia ofizialarekin.

Hobe garaiz, beranduegi baino

Denbora oztopo izan ohi da askotan. Ezbeharra gertatzen den unetik suhiltzaileak iritsi bitartean minutu batzuk pasatzen dira. Horregatik, «oso garrantzitsua da 112ra ahalik eta azkarren deitzea ezer egin aurretik», dio Zubeldiak. Edozein duda izanez gero, bi aldiz pentsatu baino lehen deitu dezaten nahi du ofizialak, kontuan hartuta, gainera, doako zerbitzua dela. Suhiltzaileek beti edukiko dute atzera egiteko aukera arazoa bidean direla konpontzen bada.

Horretarako nola deituko dut? galdetzen duenari ere erantzuna eman dio Beobidek: «Guk nahiago izaten dugu garaiz irten, beranduegi iritsi baino. Gero ez baldin bagaituzte behar, ez da ezer pasatzen. Jendeak ez du beldurrik izan behar 112ra deitzeko». Gaineratu du beste lekuetan badagoela suhiltzaileei deitzeko kultura bat Tolosaldean ez dagoena eta ohitura hori bultzatu nahian dabiltza.

Segurtasunaren garrantziaz ere aritu da Beobide: «Jendeak guk egin genitzakeen lanak egiten ditu, inongo segurtasunik gabe. Askotan hemen egoten gara, parke barruan eta jendea bitartean bere bizia arriskuan jartzen ari da; teilatuan lanean haizeak teila bat lekuz mugitu duelako, adibidez».

Trafiko istripuen gainetik, pertsona helduak

Sarjentuaren ustez, enpresetako suteak izaten dira gogorrenak fisikoki, eta psikologikoki istripu larriak. Gogora ekarri du garai batean A15 errepidean ezbehar ugari gertatzen zirela eta astean hiruzpalau aldiz egokitzen zitzaiela bertaratzea. Gaur egun, aldiz, hilean behin edo bi aldiz egiten dute irteera A15era. «Trafiko istripuen irteerak nabarmen jaitsi dira azken bost urteetan; kotxeak gero eta hobeto diseinatuta daude, errepideak hobetu egin dira, abiadura jaitsi egin da eta alkoholemiak ere prebentzioan eragina izan du. Istripu larriak asko murriztu dira», azpimarratzen du Beobidek.

112koek jasotzen duten dei motaren arabera, mobilizatzen dituzte beharrezkoak ikusten dituzten errekurtsoak. Eta pertsona harrapatuta dagoenean bakarrik lan egiten dute suhiltzaileek trafiko istripuetan. «Guk beti esaten dugu nahiz eta zauritu larririk ez egon, bestelako lanak egin ditzakegula; errepidea garbitu, kotxeak baztertu...», dio Zubeldiak.

Irteera mota batzuk murrizten ari diren bitartean, beste batzuk ugaritzen ari dira. Bakarrik bizi diren pertsona helduak dira gehien artatzen dituztenak azken boladan. «Aspaldi ez du erantzuten. Badaezpada begiratu ea ondo dagoen» edo «erorita egon daiteke lurrean» eta antzerako deiak jasotzen dituzte. Beobidek azaldu bezala, arazo hau duela lau urte inguru hasi zen areagotzen Irun inguruan, biztanleria handia dagoelako. Eta pixkanaka Gipuzkoa osora zabaltzen joan dira irteera mota horiek. «Gero eta bakartiago bizi gara, gizartean arazo hori ari da nagusitzen».

«Suhiltzaileak beti berandu iristen dira»

112 larrialdi zerbitzuek dei bat jasotzen dutenean, deitzen duenari galderak egiten dizkiote; eta galdera horien arabera beraiek mobilizatzen dituzte errekurtso desberdinak. Suhiltzaileen beharra dagoela balioztatzen badute, Gipuzkoako Suhiltzaileen Bai Esan kontrol zentroak jasotzen du abisua. Beraiek jasotako informazio hori sistema baten bitartez zuzenean dagokion parkeari bidaltzen diote. Segituan parke horretan abisua sartzen da sirenen bidez eta beharrezko informazioa iristen da bertako pantailetara. Parkean bertan dauden suhiltzaileak prestatu, jantzi eta kamioiez irteten dira ezbeharra gertatu den tokira. Hori izaten da protokoloa.

Parke bakoitzean dena finkatuta dutela azpimarratu du Beobidek: «Guk prestatuta dauzkagu irteeraren araberako ibilgailuak eta konboi bakoitzean nork joan behar duen. Etxeko sute bat baldin bada ibilgailu batzuk joango dira eta auto istripu bat baldin bada beste batzuk». Beraientzat informazioa ondo jasotzeak duen garrantziaz ere jardun da; hau da, zer gertatu den eta non. Horregatik, komeni izaten da 112ra deitzen duen pertsonak ahalik eta ondoen azaltzea zer den pasatzen dena eta non dagoen. «Arazoa non dagoen ez baldin badakigu nekez egin dezakegu lan».

Gogora ekarri du Zubeldiak askotan entzuten den esaldi bat: «Suhiltzaileak beti berandu iristen dira». Baina argitu nahi izan du kontuan hartu behar dela parketik ezbeharra gertatu den tokira heltzeko, janzteko eta prestatzeko denbora behar dela. «Irteeretan ez dugu denborarik galtzen ezertan. Guk abisua jasotzen dugun unetik, parketik ateratzen bizpahiru minutu besterik ez ditugu pasatzen. Bidean pasatzen da denbora gehien. Eta zain dagoenari oso luzea egiten zaio; baina berez, ezin da inondik moztu denbora tarte hori».

Ofizioaren inguruko mitoak apurtuz

Zubeldiak azaldu du jendeak oraindik ez duela ondo ezagutzen zertarako dauden suhiltzaileak. «Beti sutearekin edo istripuekin erlazionatzen gaituzte». Baina suteez eta istripuez gain beste irteera mota asko egiten dituzte, noski. Eta horregatik, «zein baliabide eta azpiegitura ditugun eta zertarako gauden gizarteratu nahi dugu, jendeak jakin dezan hor gaudela». Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen duen doako zerbitzua dela behin eta berriz azpimarratu dute Tolosako suhiltzaileek. Izan ere, jende askok oraindik ez daki doako zerbitzua eskaintzen dutela. «Askok uste dute gero ordaindu egin beharko dutela eta hori oztopoa da guretzat», gaineratu du Beobidek kezka keinu batekin. «Arazoa beraiek konpontzen saiatzen dira eta ezin dutela ikusten dutenean deitzen dute; eta guretzako beranduegi izaten da».

Suhiltzaile estereotipatuen inguruko mitoa ere apurtu nahi izan dute. Fisikoki indartsu egotea ezinbesteko baldintza izan arren, ez da beharrezkoa den ezaugarri bakarra. Gaitasun teknikoak ere eskatzen dituztela dio Beobidek. Izan ere, gaur egun gero eta gehiago dira arazo teknikoak konpontzea eskatzen duten irteerak. «Gure eskakizunean gaitasun psikologikoa ere sartzen da. Pentsatzen dugu pertsona arruntak izan behar garela, ez da super heroia izan behar». Sentsibilitate pixka bateko pertsonak nahi dituztela aipatu du Mesak; baita abenturazaleak edota kirolariak ere. Gainera, suhiltzaileek pertsonekin lan egiten dutenez, ezinbestean «zauritua tratatzen dugunean psikologo lanak egitea ere egokitzen zaigu. Eta une garrantzitsua izaten da pertsona bat istripu baten ondoren kotxean harrapatuta dagoenean, edo pertsona heldu bat etxean erorita topatzen dugunean», gehitu du Zubeldiak.

230 pertsona lanean gipuzkoarren zerbitzura

Gipuzkoako Larrialdietako Zerbitzuak zortzi parke ditu herrialdean barreiatuta. Babes zibila, suteen zaintza eta itzalketa eta salbamenduak egiten dituzte lurralde osoan. Herrialde osoari zerbitzu hori eskaintzeko 230 pertsona ari dira lanean. Suteak itzaltzea eginbeharrik ezagunena bada ere, beste esku-hartze ugari ere egiten dituzte suhiltzaileek. Adibidez, auto istripuetan harrapatuta gelditzen diren pertsonak atera, materia arriskutsuen isurketak kontrolatu eta garbitu, pertsonen erreskateak mendian, etxebizitzak irekitzen dituzte pertsonaren bat arriskuan egon badaiteke, uholdeetan pertsonak erreskatatzen dituzte eta lokaletatik edota etxebizitzetatik ura atera.

Baloratzeko moduko lana

Azken urteotan prestakuntza aldetik aurrerapausoak eman direla eta urrats horiek emaitzetan beraien isla izan dutela aipatu dute Beobidek, Mesak eta Zubeldiak. Gustura daude egiten ari diren lanarekin. Baina aipaturiko hobekuntza prozesuan urrats gehiago ematea nahi lukete: «Txanda bakoitzeko jende gehiago edukitzea da gure eskakizuna, betiere gure lanaren emaitzak eta segurtasuna hobetze aldera». Egoera ekonomikoak batere laguntzen ez duela onartzen duten arren, txanda bakoitzean lau suhiltzailetik gora nahi lituzkete eta hori da momentuz eskatzen dutena.

Horrez gain, argi eta garbi dio Zubeldiak suhiltzaileen lana baloratzea oso zaila dela eta horretaz kontziente direla. «Normalean, deitu duenak arazo bat izaten du: edo etxea erretzen ari zaio edo istripu bat izan du. Orduan suhiltzaileok bertara iristen garenean, jendea tentsioan egoten da. Eta pertsona horiek ezer ona esatea guk egindako lanaz zaila da». Kasu batzuetan, eskertuko lukete ulermen pixka bat herritarren partetik.

Barne hausnarketa ere sarri egiten dutela nabarmendu du Beobidek, eta beraiek ere jakiten dutela baloratzen egindako lana ondo atera den edo hobetzekorik badagoen. «Azken boladan, kalitatezko lana egitea lortzen ari gara. Baina argi dago jende gehiago izango bagina, aurrerapauso bat emango genukeela».

 

Gomendioak

- Tximiniak garbitu.

- Kontu elektrikoekin argi ibili.

- Entxufeak ez gainkargatu.

- Etxetresna elektrikoen egoera ona bermatu.

- Gasarekin kontuz ibili. 

- Ke-erauzgailua ondo garbitu.

- Zigarroak ondo itzali.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!