«Che nor zen eta zertara zihoan jakin izan balute lagunduko ziotela esaten zidaten»

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko ots. 20a, 10:58

Ura Iturralderen 'La Higuera del Che, heriotzetik sortutako kondaira' argazki erakusketa ikus daiteke martxoaren 14a arte Tolosako Aranburu jauregiko beheko solairuan. Che Guevara hil zuteneko Boliviako La Higueran jasotakoa erakutsi nahi du Iturraldek, irudien bidez.

Ura Iturralde tolosarra Boliviako La Higuera herrixkara iristerakoan seko harrituta utzi zituen bertako biztanleak. Emakumea, bakarrik, argazki kamera soinean, beraien bizimoduari buruz galdezka... Zertara etorri ote da kanpotar hau?

La Higueran ari dira pixkana-pixkana turistetara ohitzen, baina joan-etorriko turistetara, argazkia atera eta listo, bueltako bide malkarra hartzen duten kanpotarrak. Iturralderen asmoa bestelakoa zen, ordea. Che Guevara hil zuteneko herrira gerturatu, eta bertako biztanleekin bildu nahi zuen, hitz egin. Ez Che bera ezagutu edo tratatu zutenekin bakarrik, herri txiki honetako egunerokotasuna ezagutu nahi zuen, eta istorio hori irudien bidez bildu eta erakutsi. Horixe da La Higuera del Che, heriotzetik sortutako kondaira argazki erakusketan ikus daitekeena.

Che Guevara pertsonaiaren inguruko mila istorio idatzi eta kontatu izan dira, baina zuk beste hari mutur bati heldu diozu.
La Higuera Che hil zuteneko Boliviako herri txiki-txiki bat da. Bertan dago La Escuelita deitzen diotena, eta bertan hil zuten Che Guevara. La Higuerako biztanleen egunerokotasuna erakusten dut argazkien bidez, baina baita hil zuteneko tokia, nora eraman zuten hil ondoren... historia pixka bat dago eta baita testigantzak ere. Testigantza garrantzitsuena Susanarena da (beheko argazkian). Erizaina da bera, eta Che Guevararen gorpua garbitu zuen.

Nola sortu zen proiektu hau, joan aurretik garbi al zeneukan nondik jo?
Joan aurretik ideiak garbi nituen. Erreportaje bat egitera nindoan. Banekien zein jenderekin aurkituko nintzen, zeinekin hitz egin ahal nuen, zeinekin izango zen zailago... Prestatuta eraman nuen dena.

Esperotakoa topatu zenuen, hortaz.
Gutxi gorabehera bai. Banekien oso herri txikia zela, lau etxe besterik ez dira, eta iristea ez zela batere erraza izango. Banekien iristeko bi aukera besterik ez nituela: auto-stopa egin, edo pack turistiko bat hartu, baina azken aukera honek niri ez zidan balio, hori joan-etorri bat delako eta nire asmoa han geratu eta bertako jendearekin hitz egitea zen.

Herritarrek zein oroitzapen dute Che Guevarataz. Munduan luze zabaldu da bere itzala, baina nola gogoratzen dute La Higueran iraultzaile kubatarra?
Herri honetan badago jendea berarekin egon zena, ikusi zuena eta berarekin hitz egin zuena, baina ez zekiten nor zen, batzuk droga trafikatzailea zela ere pentsatu zuten. Hil ondoren jakin zuten zein zen.

Droga trafikatzailetik mito izatera pasa da La Higueran.
Beraientzat ere mito bat da orain. Nor zen jakin izan balute eta zertara zihoan lagunduko ziotela esaten zidaten. Baina alderantziz, beraiek salatu zuten, baina batik bat ezjakintasunarengatik.

Turistarik jasotzen al du herrixkak?
Turistiko izan nahian daude orain, prozesu horretan daude, eta ikusten da argazkietan. Guztiek dituzte paretetan Cheren esaldiak, irudiak... Peso gutxi batzuen truke gelak alokatzen dituzte. Saiatzen ari dira, baina oso poliki doaz. Ibilbide hau Evo Morales lehendakaritzara iritsi arte debekatuta zegoen, gainera. Evo Morales dagoenetik indarra hartzen joan da prozesua, eta Kubak ere laguntzen die. Dirua bidaltzen du. Hemendik 10 urtetara edo bueltatu nahiko nuke, honek zer emango duen ikusteko.

Herri txiki eta txiroa topatu zenuen, beraz.
Lau etxe dira, eta ez dute baliabide askorik. Joan aurretik interneten aritu nintzen eta bertan 100 biztanle zirela jartzen zuen, eta iristerakoan 40 zirela esan zidaten, eta nik 20 pertsona ere ez nituen ikusi. Lau etxe dira, plaza bat eta oso umil bizi dira, baina ez dute hirietara joan nahi, lasai bizi direla diote, eta han gustura daudela.

Eta nola moldatu zinen beraien egunerokotasunean?
Egunak oso luzeak dira, hamaika egun eman nituen bertan, eta sei hilabete iruditu zitzaizkidan. Goizeko zazpietan ateratzen ziren etxetik, behiak jeztera edo dena delakoa egitera joan eta seietan itzultzen ziren, etxe atarian eseri eta han egoten ziren hitz egiten. Asko eskertzen zuten beraiengana joatea hitz egitera, galdetzera...

Beso zabalik hartu zintuzten, hitz egiteko gogoz?
Hasieran oso-oso itxiak dira. Turista gutxi batzuk ikustera ohituta daude, baina turista hauek argazkiak atera eta joan egiten dira, egun baterako joaten dira, eta ez dute hitz egiten bertako jendearekin. Horregatik lehenengo egunean ikusi nindutenean ez nuen atentzio gehiegirik deitu, baina hirugarren egunean herrikoak zertara joan ote nintzen galdetzen zeuden. Poliki-poliki joan nintzen beraiekin hitz egiten eta konfiantza hartzen. Azkenean behiak jezten bukatu nuen! Argazkietan ikusten da beraiekin tratu estua izan dudala.

Aipatu duzu batzuk Che Guevara iritsi zenean berarekin izan zirela.
Irma, Agapo eta Benitak (goiko irudian) Cherekin tratua izan zuten. Irmak ikusi egin zuen, eta Agapo eta Benitak tratua izan zuten. Benitak esaten zidan herrian zeudela eta gerrillariz jantzitako talde bat etorri zela eta beraiekin bazkaldu zutela eta oso-oso tratu ona izan zutela. Kasualitatea herriko festak ziren eta gelditu egin zirela esaten zidan, eta dantzan ibili zirela, eta oso oroitzapen ona zeukala, baina ez zekiela Che Guevara zenik.

Erakusketan 50 bat argazkiren bidez La Higuerako egunerokotasuna kontatzen duzu, baina baita Cheren heriotza ere.
La Escuelitan hil zuten, handik helikopteroz Valle Grandera eraman zuten, bost ordura dagoen herria. Han ospitalera eraman zuten eta bertan garbitu zuen gorpua Susanak. Gero La Lavanderia deitzen dioten tokian jarri zuten denak ikusteko. Han eskuak moztu zizkioten eta La Pazera bidali zituzten.

Gorpua eraman zuteneko tokian ere izan zinen, hortaz.
La Lavanderian izan nintzen bai. Tokia itxita dago, beraiek bakarrik daukate giltza, dirua beraientzat da, eta horrela lortzen dute lekuak mantentzen joatea. Ezin zara bakarrik joan, gida batekin joan behar zara, eta bera joaten da lekuak irekitzen. Valle Granden pixka bat prestatuago daude turismoari begira. La Higueran oraindik lan asko egin behar dute, garraiobiderik ere ez daukate. Garraio publikoa astean behin joaten da.

Eta nola lortu zenuen La Higuerara iristea?
Valle Grandeko Gonzalo gidak eramanda. Suertea izan nuen, eta berarekin igo nintzen. Bueltatzerakoan apaizarekin jaitsi nintzen. Bidetik gelditzen joan zen, jendea hartuz, eta ni pentsatzen: Baina jende hau nondik atera da? Bost orduko bidea da Valle Grandera arte, oso bide txarretik, eta jendeak auto bat entzutean bidera ateratzen da.

Zergatik bidaia hau?
Nik Che Guevarataz dakidan guztia aitonarengatik dakit. Txiki txikitatik oheratzerakoan ipuin bat kontatu ordez, Kubako iraultza kontatzen zidan. Aitonak beti galdetzen zuen ea zer pentsatuko ote zuten Bolivian, beraiek hil baitzuten. Kuban hiru aldiz egonda nago, eta oso argi neukan Boliviara joan behar nuela. Zorte asko izan nuen ez nuelako uste horren ondo tratatuko nindutenik.

Lehen esperientzia al da horrelako erreportaje bat egiten?
Argazkilaritza asko gustatzen zait, eta ibilia naiz argazkiak ateratzen, baina ez horrela, erreportaje moduan. Hau da lehena modu honetara. Jendearen bila ibili nintzen, ikusi zutenak eta abar. Nik argi neukan norekin hitz egin, baina guztiek ez ninduten kasurik egin. Esate baterako, banekien Che harrapatu eta hil zuten militarrak han bizi zirela, beste herri batean, eta beraiengana ere joan nintzen. Baina ez zidaten jaramonik egin. Egia esan hil zuenak bera ez zela izan dio, baina denek dakite berak hil zuela.

11 egun bertan, eta festak harrapatu...
Guadalupeko Amabirjinaren festak ospatzen dituzte, eta han egon nintzen bai. Dantzan eta edaten eman zituzten festak. Hiru txaranga kontratatu zituzten, eta goizeko bederatzietatik arratsaldeko lauetara etenik gabe jotzen ibili ziren, txandaka. Festa nagusiak dira horiek, baina Che hil zuteneko egunean ere egiten dute festa. Esan zidatenez ez da horren ospakizun berezia, hala ere.

Hiru gune, hiru ikuspegi

Erakusketa hiru gunetan dago banatuta. Sartu eta berehala bisitariak La Higuera bertan murgildu ahal izango da; etxeak, plaza, Che hil zuteneko La Escuelita... Kubako iraultzailearekin harremana izan zuten Benita, Agapo, Susana eta Irma ere hor ezagutu ahal izango ditu ikusleak, eta testigantzak ere jaso ahal izango ditu argazkien azpian argazkilariak erantsi dituen idatzien bidez.

Bigarren gunean La Higuerako egunerokotasunaren berri eman nahi izan du argazkilariak; etxeetan margotu dituzten esaldiak, irudiak, Che hil ondoren eraman zuteneko tokia La Lavanderia izenekoa, Valle Grandeko Gonzalo gida...

Azken gunean herriko jendea da protagonista. Mediku kubatarrak ere ikusi daitezke, hain zuzen urte betez joaten dira mediku kubatarrak La Higuerara hitzarmen bati esker.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!