Borja Ariztimuño: «Testua zerorrek aurkitzea pozgarria da oso»

Maier Ugartemendia 2015ko ots. 20a, 09:52

Aziti Bihia elkarteak lapurtera klasikoan idatzitako lehen lana aurkitu du Danimarkako Errege Liburutegian. Elkarte honetako kide da Borja Ariztimuño (Tolosa, 1986), eta gertutik jarraitu du prozesu guztia.

Zer da aurkitu duzuena?
Labur esanda, 1617. urteko euskarazko kristau-ikasbide bat aurkitu dugu, doktrina edo katixima ere deitu ohi zaiona, Esteve Materra apaiz frantziskotarrak idatzitako Doctrina Christiana liburuaren lehen edizioa, alegia.

Zein dira obra horren ezaugarriak?
Hizkuntzaren aldetik, XVII. mende hasierakoa izateak dakarzkion berezitasunez gain, lapurteraz (zehazki lapurtera klasikoan) idatzia dago. Eduki aldetik, lehendabiziko edizio hau haurrei zuzenduta dagoela esaten da hasierako hitzaurre eta baimenetan. 1623ko edizioa, ordea, jende helduarentzat eta, bereziki, marinelentzat egin zuen autoreak. Aleari berari dagokionez, oso egoera onean kontserbatu dela ikusi dugu: osorik dago (140 orrialde inguru) eta papera ez dago batere urratua.

Eta zergatik da hain garrantzitsua?
Bi arrazoigatik: batetik, garai hartako testu luze gutxi ditugu euskaraz, eta hau inprimaturik agertzen lehenengoetarikoa izan zen; bestetik, lapurtera klasikoaren hasieratzat jo daiteke, geroago inguru hartako hainbat autorek (besteak beste, Axular ezagunak bere Gero liburuan) erabiliko zuten hizkuntz ereduaren antzekoa, alegia.

Zer da zuk azpimarratuko zenukeena?
Hiru gauza nabarmenduko nituzke, baina baditu garrantzizko beste alderdi batzuk ere. Hasteko, argitalpen zaindua da oso, ia erratarik gabea eta txukun-txukuna (1623koa eta, batez ere, 1648tik aurrerako edizioak ez bezala). Bestalde, Esteve Materrak Bertrand Etxauzi egindako eskaintza eta Miguel d'Oiharardek idatzitako baimena (latinezko hitzak erabilita, zentzua euskaraz duela) liburuko pasarte interesgarrienetakoak direla esango nuke, bai eduki aldetik, baita formaren aldetik ere. Azkenik, Esteve Materraren datu biografiko bat azpimarratuko nuke: bera, bigarren edizioan ere badagoen hitzaurrean dioen bezala, ez zen Euskal Herrikoa, baina bertara etorri eta euskaraz bikain ikasi zuela esan daiteke.

Obra existitzen zela bazenekiten, baina nolakoa izan da aurkitu arteko bidea?
Guk ez genuen helburutzat lehendabiziko edizioa aurkitzea. Izan ere, 1623koarekin ere bazen nahikoa lan edizio egoki bat egitea. Besteak beste, edizio hartatik ezagutzen den ale bakarra kontsultatzera joan ginen Oxfordera, hango Bodleian Libraryn baitaukate gordeta. Baina gure ikerketaren parte zen, jakina, lehenbiziko edizio haren inguruko informazioa biltzea eta, ahal izanez gero, hura bera aurkitzea. Hala gertatu zen, Dorota Krajewska kidea katalogo batean bilaka zebilela. Hasiera sinestea ere kosta zitzaigun, eta katalogo digitala gaizki zegoela ere pentsatu genuen, baina, Kopenhageko liburutegikoekin harremanetan jarri ginen eta, azkenean, liburu osoaren faksimilea eskuratu genuenean egiaztatu genuen berri ona.

Obraren eta bere inguruko arlo ezberdinen inguruko azterketa sakona ere egin behar izango zenuten, ezta?
Aipatu dudan bezala, lehenbiziko edizioaren ingurukoak ere ikertu genituen, eta berdin egin genuen ondoko beste lauekin ere (1623, 1648, 1693 eta 1704koak dira, hain zuzen). Non inprimatu ziren, zein inprimatzailerenean, nolako aldaketak dauden batetik bestera, eta abar. Autorearen eta garaiaren inguruko informazioa ere bildu dugu, obra bere testuinguru historiko, soziologiko eta kulturalean kokatzeko. Orain hori guztia, 1617ko eta 1623ko testuen edizio kritikoarekin batera, liburu batera eramateko moduan jartzeko lanean ari gara.

Aipatu bezala, ikerkuntza Aziti Bihia elkarteak egin du eta zu bertako kide zara. Baina, zer da Aziti Bihia elkartea?
Aziti Bihia UPV/EHUn doktoretza tesia egiten ari garen hainbat lagunek osatu genuen duela urte pare bat, euskararen historia ardatz (dela alderdi filologikotik, dela hizkuntzalaritza historikoarenetik hurbilduta), gure ikerketez eta proiektuez hitz egiteko eta eztabaidatzeko bilgune modura. Gure helburua ikertzaile gazteen arteko elkarlana bultzatzea eta unibertsitateko lanaren dibulgazioa egitea da. Horren ondorioz gauzatu zen, esaterako, iazko udan UEUn eskaini genuen ikastaroa, eta ildo beretik doa aurten, Oihaneder Euskararen Etxean (Gasteiz), hilean behin izango den mintegi-sorta ere.

Filologoa zara eta doktoretza lana prestatzen ari zara. Zer garrantzi izan du zuretzat horrelako aurkikuntza bateko partaide izateak?
Nire doktoretzako lanean bete-betean sartzen ez bada ere (batik bat 1600 arteko testuetako aditz morfologia aztertzen baitut), horrelako testu zahar batek beti ekartzen du punturen bat berrikusi, zuzendu edo osatu beharra, eta testua zerorrek aurkitzea pozgarria da oso, jakina.

Aurrera begira zer asmo dituzu/dituzue?
Nire aldetik, tesia amaitzea dut helburu nagusi, baina, edozein ikertzailek bezala, erabat beharrezko dut, aldi berean, nire ikerketaren emaitzak argitaratzen joan eta kongresuetan aurkeztea. Taldeari dagokionez, aipatutako mintegi-sorta eta Esteve Materraren obraren edizioa bukatzea ditugu epe labur-ertainerako lan. Dena den, beste liburu galduren baten bila ere segituko dugu, dudarik gabe!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!