«Gehiegikeriatzat» jo dute asteazken goizaldeko gertakaria

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ots. 19a, 18:27

Atxilotuek eta gertukoek agerraldia egin dute, beren bertsioa plazaratzeko

Asteartita gauean, inauterietako azken parrandan, istiluak izan ziren Tolosako Kale Nagusian. Horren harira eta, bertsio ofizialaren aurrean beste bertsio bat azaltzeko, Tolosako Gorriti plazan agerraldia egin dute atxilotuek, senideek, lagunek, gazte mugimenduak eta ezker abertzaleak.
Besteak beste, Ertzaintzaren jarrera «gehiegizkoa» izan zela salatu dute prentsaurrekoan: «Goizaldeko hiru eta erdiak aldera, Alde Zaharreko taberna batean gertatu zen liskar bati erantzunez, 25 ertzain bertaratu ziren. Porportzionala al da hori?».
Dena den, atxilotuek eta haien ingurukoek eskainitako agerraldian, «porportzionaltasunaren eztabaida alde batera utzi» eta liskarra konpontzeko kudeaketan nahiz gertakariaren amaieran jarri nahi izan dute begirada: «Behin tabernako liskarra konponduta zela, eta, jada arazorik ez zela, polizia etxera bueltatu beharrean festa giroan zegoen gune batera joan ziren ertzainak. Beren artean eta, bertako herritarren artean, tentsio maila ikaragarriak sortu ziren».
Bide horretan, hiru atxiloketa eta hainbat zauritu eragin zituen egoera bi gauzei egozten diete atxilotuek eta haien ingurukoek: «Festa gunearen aurka izandako jarrerak nahiz sortutako tentsioak leherrarazi zuten egoera hura, eta ez dugu ulertzen arazo bat konpontzera joatea, eta arazo handiago bat sortzea», azaldu dute agerraldian.


«Ez da kasu isolatu bat»

Asteazken goizaldeko istiluak salatzearekin batera, Tolosan jazotakoa  «ez da gertakari isolatu bat», agerraldian parte hartu dutenen iritziz.
Batetik, duela hiru urte Bilbon izandako gertakariak ekarri nahi izan dituzte gogora: «Horrek senide eta lagun moduan kezkatzen gaitu, eta asteazken goizaldekoaren emaitza horren larria ez izan arren, begi bistakoa da ondorioak utzi dituela: zaurituak, batetik, eta espetxe zigorrak ekar ditzaketen akusazioak, bestetik».
Horrenbestez, inauterien azken orduez gozatzen ari zirela behin eta berriro defendatuz, 25 ertzainen parte hartzearen aurrera ulertezintasuna berretsi dute, «horrelakoak gerta ez daitezen lanean» jarraituko dutela azalduz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!