Iñake Irastorza: «Bakardadeaz barre egin eta gogoetarako bide ematen du lanak»

Iñigo Terradillos 2015ko ots. 19a, 11:48

Txalo konpainiaren eskutik, 100 metro karratu antzezlana izango da ikusgai, bihar, 20:30ean, Leidor aretoan. Begoña Bilbaok zuzendutako lana da, eta Iñake Irastorza, Ana Elordi eta Ramon Agirre dira aktoreak.

Bi emakume aurrez aurre jarriko ditu, nor baino nor ezberdinagoak baina aldi berean bakardaderi lotuak eta euren artean harremana sortuko da. Lanak umorea du abiapuntu baina zer pentsatua ematen duela aurreratu du Iñake Irastorzak (Orio, 1955).

Bakardadearen gaia ageri da antzerki lanean.
Gaur egun gertatzen ari den zerbait da, zoritxarrez gure inguruan uste baino kasu gehiago dago. Antzezlanean Lolaren papera egiten dut. Sara, emakume gaztea, maila onekoa, nire etxera dator bizitzera, erosi egin nahi baitu baino hil arteraino nirekin bertan bizitzea da baldintza. Lehenengo uneak ez dira errazak izango. Egunerokotasunak aurrera eramaten gaitu eta gure artean loturak sortuko dira; baina, hori bai, bakoitza bere aldetik bakardadean bizi da.

Komedia da, baina, gogoetarako bide ematen du.
Oso ondo osaturiko komedia da, eta barruan badu drama pixka bat ere. Ikusleak barre egingo du, beraz, baina, uneren batean malkoren bat ere botako du. Gerturatzen denak primerako ordu t'erdia pasako du.

Gaurkotasuneko gaiak umore ukituarekin.
Bakardadea eta zahartzaroa bezalako gaiak azalduko dira. Ramonek egiten duen pertsonaia ere oso polita da. Bakarrik dagoen beste gizaki bat da. Azken batean, nor ez dago bakarrik bizitza honetan? Horrekin batera, gaur egun jende askok bizi duen egoerarekin ere lotura egiten da: ezintasun ekonomikoa. Orain dela urte gutxira arte ez genuen horrelakorik pentsatzen baina badakigu hori gertatzen ari dela. Ondo dago horretaz guztiaz barre egitea, zer pentsatua emanez.

Proiektuaren berri izan zenuenean zer iruditu zitzaizun?
Xabier Agirrek Txalo konpainiatik deitu zidanean testua oso polita zela ikusi nuen. Juan Carlos Rubiok idatzitakoa da, eta hasieratik asko gustatu zitzaidan. Ez da pertsonaia erraz horietako bat. Bidaia sakona egiten duela esan daiteke. Nire pertsonaiak ironia handia du. Ramonekin eta Anarekin batera osatzen dudan hirukotean oso gustura aritzen naiz, luxu bat da eurekin lan egitea, oso pozik nago.

Dagoeneko herriz herri ari zarete antzezlanarekin. Nolako erantzuna jaso duzue?
Oso ona. Donostiako Aste Nagusian estreinatu genuen, Antzoki Zaharrean. Oso-oso harrera ona izan zuen, eta orain herriz herri ari gara antzerki saioak eskainiz. Oso pozik gaude jasotako erantzunarekin.   

Antzerkia, oro har, zein egoeratan dagoela esango zenuke gaur egun?
Antzerkia beti egon da krisian eta beti egongo da krisian. Egoera benetan gorria da, bai antzerkiarentzat, bai zinemarentzat eta baita telebistarentzat ere. Kultura, oro har, oso une txarrean dago. Bizitzeko ogia behar den moduan, egunean eguneko kultura ere behar dugu. Bestalde, euskal kulturaz ari bagara, txikiagoak garen heinean, horrek bere abantailak ditu baina baita desabantailak ere. Euskaraz egiten den antzerkiarekin bakarrik bizitzea oso zaila da. Aldian behin gertatzen dira «diana jotzen» duzun fenomeno horietakoak, baina horiek oso urriak dira.  

Telebistako ‘atsuak’, esaterako?
Oso gustura ibili ginen Anjel [Alkain] eta biok, Maikruz eta Marikarmen. Euskal Herriko herri ugari zeharkatu genituen goitik-behera, punta batetik bestera. Oso esperientzia polita izan zen, jendearekin zuzenean kalean aritu ginelako, baina, era berean, lan gogorra izan zen. Pertsonaiak Wazenmank saiotik ezagunak ziren, eta bagenekien jendeak oso gogoko zituela. ondorioz, gidoilariek hori baliatu nahi izan zuten.

Telebistaren indarra handia da. Urte asko antzezten egon, telebistan azaldu, eta ematen du orduan hasi zarela lanean.
Telebista oso lotsagabea da, gure etxean sartzen baita. Zinemara edo antzerkira, berriz, joan egin behar da. Telebista botoi bati ematea besterik ez da. Badirudi, telebistan azaltzen ez bazara ez zarela existitzen.

Telebista, antzerkia edota zinema. Hiruretako bat aukeratu beharko bazenu?
Aktore ofizioa bat da. Baina medio bakoitzean lana ezberdina da. Taula gainean edo kamara aurrean jartzerakoan kontuan hartzekoak ezberdinak dira eta kamara hori telebistarako edo zinemarako bada baita ere. Telebista batzuetan zinemara gerturatu daiteke baina gehienetan ez. Aktoreak hori guztia jakin eta kontuan hartu behar du, zein terrenotan dagoen lan egin ahal izateko. Baina funtsean antzezlearen lana bat da. Prestatuta egon behar du terreno ezberdinetan lan egin ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!