Hiru atxilotuak aske gelditu dira, baldintzapean

Ataria 2015ko ots. 18a, 21:57

Hiru gazteak epaitegitik 15:00ak inguruan atera dira. "Atentatua" leporatzen dei abokatuaren esanetan, eta hileko lehen egunean eta 15ean, sinatzera pasa beharko dute.

Goizaldean istiluak izan dira Tolosako Nagusi Kalean Ertzaintzaren eta hainbat herritarren artean, eta ondorioz, hiru polizia zauritu eta beste hiru gazte atxilotu dituzte. Gaua Tolosako komisaldegian igaro ondoren, arratsaldean pasa dira epailearen aurretik deklaratzera, eta aske utzi dituzte hirurak arratsaldeko lehen ordurako, baldintzapean.

Goizeko 03:30ean hasi da guztia. La Imprenta de Yulen tabernan istiluak izaten ari zirenaren berri izan dute larrialdi zerbitzuek, eta Ertzaintza bertaratu da hura gelditu asmoz. Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren  arabera, ondoan dagoen Intxurre tabernan zegoen jende multzo batek «eraso» egin die. Han zegoen gazteetako batek edalontzia ere bota diela eta gainontzekoei beraien aurka egiteko dei egin diela dio Segurtasun Sailak.

«Eraso» horretan hiru polizia zauritu dira, Segurtasun Sailaren arabera. Horietatik bi Asuncion klinikan artatu behar izan dituzte, eta baja eman diete, batek peronea puskatua duelako, eta besteak sorbaldan luxazioa duelako. Istilu horien erantzule zirelakoan 18 urteko hiru gazte atxilotu dituzte, horietako bi Intxurre tabernaren barruan, eta beste bat, bere etxean 07:00etan.

«Gehiegizko zigorra»
Gaua Tolosako komisaldegian pasa dute atxilotuek, eta bertan deklaratzeari uko egin ondoren, arratsaldean, Tolosako epaitegian jardun dute epailearen aurrean, abokatuaren laguntzaz. Bitartean, epaitegiaren atarian zain izan dira senide eta lagunak. Segituan aske utzi dituzte hiru atxilotuak, bermerik gabe, baina baldintzapean. Hilabete bakoitzeko lehenean eta hamabosgarrenean gertuen duten epaitegitik pasa beharko dute sinatzera. Horietako bakoitzari autoritatearen aurkako atentatua egin izana leporatzen diete.

Aratz Estonba abokatuak zigorra «gehiegizkoa» dela esan du epaitegiaren atarian. «Alde egiteko arriskua dagoelako jartzen dituzte horrelako zigorrak, baina kasu honetan ez dago herbestera alde egiteko inongo arriskurik, beraz, juridikoki eta pertsonalki uste dut gehiegikeria bat dela». Era berean, epaiari helegitea jartzeko asmoa dutela ere adierazi zuen Estonbak. «Badakigu horrelakoetan ezertan geratzen direla gauzak, baina atestatuak kontraesan ugari ditu eta horiei helduko diegu atxilotutako gazteen absoluzioa lortzeko».

Lekukoen kontakizuna, gaur
Hala eta guztiz ere, gertakari horren inguruan bada beste bertsio bat: lekukoena. Izan ere, une horretan Intxurre tabernaren kanpoan festan zeuden hainbat pertsonak Tolosaldeko Ataria-ri adierazi dioten moduan, Segurtasun Sailaren bertsioak dioena ez dator bat beraiek ikusitakoarekin.

Dena den, oraindik ez dute bertsio horren inguruko jakinarazpen publikorik egin. Arratsaldean guztiek batzar bat egin dute, eta bihar prentsaren aurrean agerradia egitekoak dira beren ikuspuntutik gertatutakoaren berri emateko asmoz. Agerraldi horretan izango dira, besteak beste, hiru atxilotuak eta beren senideak, ezker abertzaleko eta gazte mugimenduko ordezkariak, eta istilu horietan zauritu ziren hainbat herritar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!