Puntu ona Jaka-Tolosarentzat

Jexux Murua 2015ko ots. 17a, 19:30

Jaka eta Tolosa nagusitu zaizkie Jaunarena eta Larrinagari Promozio Txapelketako partidan Beotibar pilotalekuak asteleheneko betekada izan ez badu ere, jende asko hurbildu da inauterietako azken pilota-jaialdiko partida ikustera.

Jaka lizartzarra eta Tolosa anoetarrak Jaunarena eta Larrinagaren aurka jokatutako partidak eman dio hasiera jaialdiari.  Partida estua izatea aurreikusten zen eta hala izan da partida erdira arte (13-13). Hemendik aurrera lizartzarra eta anoetarra sendoago aritu dira eta Larrinagaren txakalaldia aprobetxatu dute hogeita bira heltzeko. 

Ondo aritu da Tolosa, pilota gutxi galduz, ondo zainduz bere lagunaren bizkarra eta, aukera izan duenean, pilotakada luzeak joz. Jaka izan da laukotean onena: hamar tanto egin ditu jokoan eta oso bizi mugitu du pilota bi eskuekin. Momentu onean dago lizartzarra eta bere gorakada nabarmena da. Lekuko, partida amaitzeko jo duen ezker zehar bikaina. Aurretik, ordea, bazituen 10 tanto eginak jokoan, zuzenean izan edo aurkaria gogor bortxatuta; hainbeste arriskatuta ez da harritzekoa batek edo bestek ihes egitea, baina ez dira asko izan eta hori ere kontuan hartzekoa da.

Azkenean, 22 eta 15 irabazi dute urdinez aritu diren pilotariek. Partida hau irabazita puntu oso garrantzitsua eskuratu dute hain berdindua dagoen Promozio Txapelketa honetako finalerdietan sartzeko lehiari begira.
Partida nagusian, Retegi II eta Rezustak 22 eta 14 irabazi diete Xala eta Merino II.ari. Puntu honek arnasa ematen die Retegi eta Rezustari, aurkariak finalaurrekoetara sailkatzeko inongo aukerarik gabe utzi dituzten bitartean.  Jokin Altuna amezketarrak eta Merino II.ak Lasa eta Cecilioren aurka jokatutako partidak itxi du Asteartitako jaialdia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!