Sexu erasoagatik gizonezko bat atxilotu zuten ostiralean

Ataria 2015eko otsailaren 16a

Ertzaintzak 26 urteko gizonezkoa atxilotu zuen; Udalak gertakaria salatu eta gaitzetsi du

Segurtasun sailak jakitera eman duenez, Oriako ertzain-etxeko agenteek 26 urteko gizonezkoa atxilotu zuten Ostiral Mehean sexu-gehiegikeria eta eraso delitu bana egotzita. Atxilotuak sexu-ukituak egin zizkion goizaldeko ordu bietan neska bati taberna batean, eta, neskak kargu hartu zionean, gizonak jo egin zuen.
Tabernako zerbitzariak neskaren alde egiterakoan, kolpatu zuen atxilotuak. Tolosako udaltzainak bertaratu baziren ere ez zuten bertan atxilotzerik lortu. Ikerketa hori abiatuta berriz, erasotzailea identifikatu eta ostiral arratsaldean atxilotu zuen Ertzaintzak Beasainen, eta larunbatean epailearen esku jarri zuten.

Tolosako Udalaren gaitzespena

Gertaeraren aurrean udalak gertakaria salatu eta «emakumeari elkartasun guztia» eskaini nahi izan dio.
Honela, udalak sexu-erasoaren aurrean bere jarrera azaldu nahi izan du: «Festak, kaleak bezala eremu libre izan daitezen lanean jarraituko du. Udalak ez du, ez jarrera ezta eraso sexistarik ere onartuko».

Sexu-erasoa gertatutakoan tabernan zirenek neskari laguntza eskaintzea txalotu nahi izan dute udaletik: «Tabernan ziren gazteek harturiko jarrera goraipatu nahi dugu, emakumearen defentsan eta babosoaren aurka jarrera aktiboa hartzeagatik.

Sexu-jazarpena jasotako emakumeak atxilotuaren kontra salaketa jartzearen inguruan mintzatu da udala: «Emakumeak salaketa jarri izana goraipatu nahi dugu, eraso sexista guztiek dagokien salaketa izan behar dute eta».

Honenbestez, aurrerantzean tankerako gertakizunak berriro ez emateko bideaz mintzatu da udala: «Herritarrei dei egin nahi diegu, honelako jazarpenen aurka aktiboki parte hartzeko eta festa inklusibo eta parte hartzaileen alde lanean jarraitzeko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!