Zer dira zuretzat inauteriak?
Niretzat asko suposatzen dute. alde batetik deskonektatzeko momentua, Tolosara itzuli, lagunak elkartu eta ileorde bat jantzita kalean dago behar dudan guztia ondo pasatzeko. Bestalde, sustraiekin konektatzen naiz inauteriekin. Tradizio guztiekin bezala, inauteriekin nik behintzat sentitzen dut nondik natorren eta zein naizen.
Nola esplikatzen diozu zer diren Tolosako Inauteriak Zaragozako bati?
Hori zaila da niretzat. Ahizparekin hitz egiten horretaz, esaten dugu hori odolean eraman behar dela, sentitzen dugun hori. Beraz, Zaragozako bati hori esplikatzea zaila da. beraz, ez dut ezer esplikatzen eta esaten diet Tolosara joateko, batzuetan joan izan dira, eta ikusten dute gertatzen den guztia eta zer giro izaten den.
Eta etorri diren horiek zer esaten dute?
Ederki pasatu dute denak, asko gozatu dute eta itzultzeko gogoarekin geratzen dira denak.
Eta horiek ausartzen dira Zaragozako besteei esplikatzen, edota lagunei ere esaten diete Tolosara etortzeko?
Zaragozan inauteriak oso sinpleak dira, eta ez da inor mozorrotzen. Asko harritzen dira Tolosan daukagun giroarekin.
Kanpoan daramatzazun urte guztietan etorri zara inauterietara?
Beti ez naiz joan, baina beti saiatzen naiz. Orain, semeekin, are gehiago. Egon naiz urte batzuk joan gabe, baina semeak jaio eta gero urtero joaten naiz. Ez dut lortzen inauteri osoak bertan pasatzea, baina behintzat pare bat egun joaten gara.
Beraz, semeei ere ari zara kutsatzen inauterizaletasuna.
Saiatzen naiz, eta asko. Zaharrena nik uste kutsatuta dagoela, eta txikienarentzat nik uste dut denbora gehiago behar dudala. Hamabost lehenago hasten naiz kanpaina egiten, txaranga doinuekin esnatuz goizean. Asko gustatzen zaigu hori.
Txaranga doinuak entzun eta saltoka hasten zaren horietakoa zara?
Bai, bai, txarangak pila bat gustatzen zaizkit. Gogoan dut orain dela urte batzuk ezin izan nuela inauterietara joan, eta lagun on batek oparitu zidan txaranga doinuen disko bat eta horrekin konpentsatzen dugu giroa Zaragozan.
Nola prestatzen dituzu festak?
Tolosako nire kuadrillarekin batera hasten gara WhatsApparen bidez ideiak pentsatzen, mozorroak aukeratzen, zezen plazarako sarrerak nola eskuratu... Hilabetea pasatzen dugu inauteriekin bueltaka.
Eta zer plan egiten duzue?
Batez ere kalean egoten gara. Zerkausian bazkaltzen dugu normalean, gero zezenetara, txarangekin zezen plazatik atera... Eguna familia giroan pasatzen dugu kuadrillakoekin, eta asko gustatzen zait hori. Gero, zorte pixka batekin, eta kanguruak lortuz gero, batzuetan ere helduak bakarrik joaten gara parranda pixka bat egitera gauean.
Zer da gehien gustatzen zaizuna inauterietatik?
Txarangak gustatzen zaizkit gehien. Txaranga bat entzun eta txoratzen jartzen naiz. Diana ere asko gustatzen zait.
Eta gutxiena?
Dudarik gabe eguraldia. Abuztuan izango balira paradisua izango zen.
Motzean
Eguna ala gaua?
Eguna.
Egunik gustukoena?
Zaldunita.
Txaranga doinu gustukoena?
Diana eta Ostegun Gizena.
Jantzi duzun mozorrorik gustukoena?
Zaila da erantzutea. Hori bai, beti ileordea jantzi behar dut, derrigorrezkoa da.
Ikusi duzun mozorrorik deigarriena?
Aurreko urtean ikusi nuen Tolosako artista talde bat: ezkongaien jantziak egin zituzten, dena birziklatutako plastikoarekin, eta ikusgarria zen egindako lana eta erakutsi zuten imajinazioa.