Artea, integrazio bide

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ots. 11a, 11:54

Uzturre zentruko gaixotasun mentalen saileko hiru kidek erakusketa antolatu dute Topic zentroan.

Arteak barrena askatzeko balio duela esan izan da sarri, eta norbere oihu horiek guztiak, kolore, lerro eta formen bitartez munduari adierazteko. Miguel Angel Herasek, Amaia Zubiaurrek eta Jose Antonio Txefo Sotok ere sormenaren bideei ekin zieten behin batean eta, otsaila osoan barrena, Topic zentroko hormetan ikusgai izango dira euren lanak.

Tolosako Uzturre asistentzia zentruan, gaixotasun mentalen saileko egoiliarrak dira hirurak, eta herenegun inauguratu zuten erakusketa, kide guztiak nahiz Ibai Iriarte alkatea lagun zituztela.

Hiru autore eta hiru estilo ikusgai dira hormetan, bakoitzak bere bideari heldu baitio. Herasek, adibidez, pintura abstraktua gogoko duela dio: «Abstraktuarekin ondo moldatzen naiz».

Lau urte dira, jada, Miguel Angel Heras margoekin trebatzen hasi zela, eta kultur etxera joaten da ikastera. Bertan hasi zenez geroztik, Herasek hainbat erakusketa antolatu ditu, jada, bere lanekin; besteak beste, Lanbroa, Itaie nahiz Fronton tabernetan, eta Aranburu jauregian erakusgai izan ditu obrak.

Aipatzekoa da, gainera, Txinparta elkarteak San Joan jaien inguruan antolatzen duen pintura lehiaketan sariren bat jasotakoa dela. Uzturre zentruko arduradunek azaldu dutenez.

Bere aldetik, Amaia Zubiaurrek kolore biziak atsegin dituela dio: «Arrosa, berdea, horia, urdina...». Eta, horiek guztiak nahastuz, erretratuak jorratzen ditu gehien, marra lodiak erabiliz; karikaturak sortzen ditu, horiei koloreak erantsi eta sentimendu jakin batzuk adierazteko.

Azkenik, eta, inaugurazio ekitaldian egoterik izan ez bazuen ere, Txefo Sotok osatu du erakusketa, bere lanekin. Bizitza osoa darama marazten eta, Herasek eta Zubiaurrek darabiltzaten koloreak paperari ematen dizkio berak, marrazki eta irudiak arkatzarekin eginez, marra finak erabiliz. Besteak beste, eguneroko bizitzako pasarteak irudikatzea maite du.

Otsaila osoa, prestigiodun areto batean

Hiru margolariek Uzturre zentruko lagunen babesa jaso zuten inaugurazioan, izan ere, den-denak oso pozik zeuden, margoak Topic bezalako eraikin ospetsu batean zintzilikatzeko aukeragatik.

Artelan horiez gozatu nahi duten herritarrek otsaila osoa izango dute horretarako eta, koadroak ikustearekin batera, baten bat gustuko dutenek, erosteko aukera izango dute. 10 eta 50 euro arteko prezioa dute, eta lehen egunean saldu zuten obraren bat.

Bide horretan, eta artea zaletasun duen publikoaren nahiz beren gozamenaren alde, Uzturre zentruko hiru artistak zorrotzak dira beren jardunarekiko: «Niri poz handia sortzen dit margotzeak, alaitasuna ematen dit, baina obra bat nahi ez bezala ateratzeak ere amorrazioa sortzen du; orduan, atzera egin behar izaten da berriro».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!