Susmo txarrak, errealitate

Mikel Iraola 2015eko otsailaren 11

Azken sailkatuaren aurka 68-73 galdu du TAKEk, partida txarra jokatu eta gero

Ez zen fio Yon Gonzalez larunbateko neurketaren aurretik: «Taldea ez dut kontzentratuta ikusten. Badirudi beste zerbaitetan pentsatzen daudela, eta erraz irabaziko dugula, eta horrelakoetan, zas!». Askartzaren aurkako norgehiagoka hasi baino hamar minutu lehenago esan zuen hori. Aldageletan ere gauza bera errepikatu zien jokalariei. Baina ez zen eguna.

Iñaki Azaldegik bere zutabean ongi esan duen moduan, edonork izaten ditu egun txarrak, baina TAKErena agian astebururik okerrenean iritsi zen: azken sailkatuaren aurka. «Aukera bikaina genuen azkenarekiko hiru partidako tartea zabaldu eta ia alde batera uzteko», zioen atzo entrenatzaile tolosarrak Ataria Irratia-n.

Meriturik ere ezin kendu Leioakoei. Neurketa oso ondo prestatu zuten. Bazekiten nortzuk sortu zezaketen arriskurik gehien, nolakoak ziren ‘Ebaki’, ‘Susi’ edo beste edozein izen duten jokaldiak. Eta min egin zieten.
Hasiera pattala izan zen, eta bigarren laurdena ahazteko modukoa. 15 puntu azpitik joan ziren atsedenaldira. Sorpresa galanta. Hirugarren laurdenean bai, orduan, azken asteotako TAKE irten zen kantxara, eta lehian sartzea lortu zuten. Hori eskatu zien hasieratik Gonzalezek.

Partida berdindu eta luzapena behartzeko aukera izan zuen Goarrek, baina bere hirukoa ez zen barrura sartu eta azkenean bost puntuz galdu zuten tolosarrek. 68-73.

Larunbatean, berriz, liderrari bisita egingo dio TAKEk. Neurketa oso zaila du, baina besteetan taldeak bere buruarengan erakutsi duen konfiantza bera badu, auskalo zer gerta daitekeen! Horregatik eskatu zien entrenatzaileak gehiago larunbatean.

Izan ere, ligan ezin despitatu: distantzia bera –bi neurketakoa– du TAKEk bigarren postuarekiko eta azken postuarekiko. Parekotasuna toperainokoa da, eta ezin erlaxatu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!