Iñigo Arratibel: «Taldera egokitzea tokatzen zait orain»

Asier Imaz 2015ko ots. 10a, 18:38

Lau hilabete Ameriketako Estatu Batuetan igaro ondoren, Tolosa Eskubaloi taldera itzuli da Iñigo Arratibel tolosarra. Bere esperientziaren eta itzuleraren inguruan hitz egin du.

Ikasketak medio, Detroiten egon da eta liga hasiera galdu arren, taldeari bere ekarpena egiteko irrikaz dago.

Ligako azken partida, etxean, gol bakarrez irabazi zenuten. Uste baina larriago, ezta?
Sailkapenean ez daude ondo, baina bagenekien partida gogorra izango zela. Hala eta guztiz ere, pixka bat lo atera ginen kantxara, eta lehen bost hamar minutuetan hiru eta bi goleko errentaz joan ginen atzetik. Saiatu ginen buelta ematen, baina partida osoan berdinduta edo atzetik ibili ginen. Amaieran aurrea hartzea lortu genuen, baina azkenean, garaipenaren gola bukaeran etorri zen.

Azken segundoan, gainera.
Gol bat aurretik gindoazela epaileak euren alde penaltia adierazi zuen. Trufok gelditu egin zuen, baina erretxazean, berriro ere penaltia. Bigarrena sartu egin zuten, partida berdinduz segundo gutxiren faltan. Entrenatzaileak denbora eskatu zuen, azken jokaldia prestatzeko. Ez dakit nola, baina azken segundoan Iker Ortizek garaipenaren gola sartu zuen; filmeetan bezala.

Eta eromena iritsi zen.
Bai. Besarkadak, saltoak, poztasuna, elkar zoriontzen...

Sailkapen nagusian laugarren jarraitzen duzue, bigarren postu horri begira.
Partidaz partida joan behar dugu, gureak irabaziz. Ea aurrekoek huts egiten duten eta hirugarren postua lortzen dugu. Bigarrenak lau puntu ateratzen dizkigu, baina bi edo hiru aste barru euren aurka jokatzen dugu. Hor ikusiko da bigarren postua lortzeko aukera dugun edo ez.

Detroiten egon zara lau hilabetez, ikasten. Zer moduzko esperientzia?
Lau hilabetez egon naiz bertan, eta oso esperientzia polita izan da.

Eskubaloian jokatzeko aukerarik izan al duzu bertan?
Saiatu nintzen, baina ez nuen lortu. Fisikoa mantentzen saiatu naiz, nere kontura korrika edo gimnasioan arituz. Joan nintzena baino okerrago ez nuen itzuli nahi arlo horretan.

Kilo asko ez dituzu irabazi behintzat.
Ahalik eta ondoren jaten saiatu naiz, baina egia esan, hori han nahiko zaila da.

Ezagutzen al zuten eskubaloia?
Galdetu nuen, eta gela batera bidali ninduten. Sartu eta badmintonean ari ziren jokatzen. Ideiarik ere ez zuten zer zen eskubaloia.

Taldekako beste kirolen batekin saiatu al zinen?
Futbol Amerikarrean edo beste zerbaitetan probatzeko gogoz gelditu nintzen, baina han dena itxia da, ezin da kanpotik joan eta besterik probatu. Porteriren bat ba ote zuten ere galdetu nuen, nere aldetik eskubaloian ibiltzeko, baina... ez zuten kirola ezagutzen.

Hemengo unibertsitateekin, beraz, antzekotasun gutxi.
Hango unibertsitateko taldeak hemengo futbol taldeak bezalakoak dira. Diru asko mugitzen dute.

Jokatzeko aukera izan ez bazenuen ere, ikustera joango zinen.
Futbol Amerikarreko partidaren bat ikusi nuen, eta gero, NBA. Saskibaloia asko gustatzen zait, eta Detroit Pistonsen partida pare bat ikustera joan ginen. Jendea ikuskizuna ikustera joaten da, eta gehien harritu ninduena hori izan zen, emaitzak berdin ziola.

Tolosa Eskubaloia jarraitzeko aukerik izan al zenuen?
Mugikorrarekin taldekideak nazkatu nituela uste dut. Partida zegoen bakoitzean mezuak bidali eta bidali ibiltzen nintzen. Aurten berrikuntza bat dago, gainera. Partidak bideoz grabatzen dira, eta horiek hurrengo egunean bidaltzen zizkiguten. Zaletu bat gehiago bezala, harmailetan egotea bezala izaten zen.

Jokalari berriak ikusi zenituen, beraz.
Guk egiten genuena eta eurek egiten zutena desberdinak ziren, beste ohitura batzuekin etorri dira. Baina jende oso jatorra da, eta oso gustura gaude beraiekin. Aldaketa asko egon dira, eta orain, niri ari zait pixka bat kostatzen. Entrenamenduak daude horretarako, eta egokituko gara.

Zure buruarekin exijentea zara.
Badakit lasai hartu behar dudala, baina nere buruari asko exijitzen diot. Haserre ez, baina askotan ez naiz pozik geratzen egindakoarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!