Nola sortu zenuten Sinpa?
Urteak generamatzan horrelako zerbait egin nahian. Aurreko urteetan rock talde batez atera ginen: batzuk abeslariz, beste batzuk instrumentuekin... Gau haren amaieran kasualitatez instrumentu ezberdinekin zihoan jendea elkartu ginen eta ederki pasa genuen. Hurrengo urtean Blues Brothers taldeaz atera ginen, eta hor txarangaren antza gehiago zuen. Eta hurrengoan jada kuadrilla ezberdinetako jendea elkartu ginen. Urtean zehar bakoitza ideia ezberdinak botatzen ibili zen, eta azkenean hori irten zen.
Zenbatek osatzen duzue?
20-25 inguru izaten gara, bezperako parrandaren ajeak eragindako kalteen araberakoa da. Kuadrilla ezberdinetako jendea gaude. Kuadrilla berdineko bi lagun edo besterik ez dira izango.
Eta nola egiten duzue instrumentuen banaketa?
Instrumentu bat jotzen dakienari ez diogu instrumentu hori jotzen uzten, bestela ondoegi joko genuke. Pare batek besterik ez dute jotzen dakitena, konturatzeko behintzat zein kantu den jotzen ari garena. Besteek harrapatzen dutenean zein kantu jotzen ari diren, bakoitza bere modura jotzen hasten da. Urteren batean Zipi kaxarekin azaldu zen, baina aldatu egin genion. Okerrena da guri iruditzen zaigula ondo ari garela. Dena den, azken urteetan esan digute urtetik urtera hobetzen goazela eta dagoeneko horrek ez duela Sinpa ematen.
Eta zuzendaria?
Hasieran erritmoa ematen zekien pertsona bat jarri genuen, baina inork ez zion kasurik egiten. Orain Koldo da, bera baita taldeko pertsonarik arritmikoena.
Eta tabernetan ordaintzearena nola egiten duzue?
Txaranga normal bat izango balitz bezala sortu genuen, horrek zuen saltsa. Hau da, tabernaz taberna joatea, eta tabernariek katxiak ateratzea zen kontua. Asmo txarrik gabekoa da, katxondeo hutsa, eta hori lortu dugula esango nuke. Inoiz ez gara joan ordainduko ez dugula esanez. Beraiek badakite, eta portatzen dira.
Agian gainontzeko inauterizaleei ideia eman berri diezue...
Bai, baina tira, astebururo eta beste egun askotan poteoan ibiltzen gara gehienak, eta ezagutzen gaituzte. Besteek guk kalean gastatzen dugun diru adina gastatuko balute...
Nola bizitzen duzue eguna bera?
12:00etan dugu zita, baina 12:45ean azaltzen da lehen pertsona. Gero jendea martxaren arabera azaltzen joaten da. 14:30ak arte kalejira egiten dugu eta ondoren bazkaltzera. Hasieran lotsatu samar ibiltzen gara, baina bigarren geldialditik aurrera, lotsa galtzen dugu. Politena arratsaldea izaten da. Gauean ere jarraitzen dugu, batzuk. Normalean 02:00ak arte irauten dugu, baina 05:00etan instrumentuarekin bueltaka jarraitzen duenik ere bada.
Zezen plazara sartzen zarete?
Ez. Egunen batean lortuko dugu txaranga ofizial izatea. Urte batean Udaltzaingoaren marra pintatu eta txoko batean jarri ginen. Baina ez, orain 66 tabernara joaten gara. Hiru urtez edo kasinoko txarangarekin batera 'Canciones bonitas' jotzen izan gara. Kuriosoa da, beraiei ilusio gehiago egiten baitzien gurekin batera jotzea, guri beraiekin jotzea baino. Urteren batean ez zigun denbora eman bazkaria luzatu zelako eta ondoren topatu genituenean dei egin ziguten.
Gustura izaten dira, beraz, musikariak zuen alboan.
Bai, errespetua mantentzen dugu. Txaranga bat jotzen ari bada isildu egiten gara. Sentsazioa dugu txarangan jotzen dagoen jendeari grazia egiten diola eta mozorro ona iruditzen zaiola. Hau da, ez diela molestatzen. Hasiera batean bagenuen, hala ere, beldur hori.
Errepertorioa ere berezia da...
'Sale el sol por la mañana' gure ereserkia da. Aurreko urtean 'Pinto Levanta' ere jo genuen. Eta gainontzean Txis-pun eta Baila Negra agian 200 aldiz jotzen ditugu egunean. Azken urteetan koreografia ere gehitu dugu. Pasa den urtean Asteasuarra tabernako barraren gainean zutik jarri ziren tronboijole guztiak, dantzan. Izugarria izan zen!
Asteartearen zain izaten al zarete?
Ohitura dugu, bai. Berez, ez gara gelditzen, jendeak badaki 12:00etan Orbelara azaldu behar duela. Badago familia duen jendea, eta parrandarako aukeratu behar. Horiek asteartea aukeratzen dute.
Kontatzeko moduko anekdota ugari izango dituzue.
Aurten KD bat grabatu nahi genuen, kantu batekin bakarrik, ondoren tabernetan uzteko, musikari profesionalak izango bagina bezala. Beste urte batean Miranda de Ebroko neska batek kontratatu nahi izan gintuen, bertan jotzeko. YouTube-ko bideo bat ikusi zuen, eta Facebooken argazkiak pilatzeko ireki genuen kontuaren bidez jarri zen gurekin harremanetan.
Sinparekin aurrera jarraitzeko asmoa duzue?
Bai, noski. Gustatuko litzaiguke 60 urterekin horrela ateratzea. Ez dakigu zer nolako gorputza izango dugun, baina tira...
Eta instrumentuak ikasteko intentziorik baduzue?
Ez dugu baztertzen. Beti esan izan dugu, momentuko beroaldian. Ikusiko dugu.