Urtarrilean ere %75eko birziklatze tasa gainditu dute tolosarrek

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ots. 9a, 17:18

Inauterietarako bilketa indartuko du udalak, batez ere, sortzaile bereziei begira.

Urte hasieran Tolosaldeko Mankomunitateak abenduko birziklatze datuak argitaratu zituen eta, horien arabera, %76,5eko birziklatze tasara iritsi zen Tolosa. Ibai Iriarte alkateak eta Lore Agirre alkateordeak gaur bertan jakinarazi dutenez, urtarrilean ere langa hori gaindituko dute tolosarrek, jada %75eko tasara iritsi baita birzilkatzea. Bide horretan, udal gobernuak sistema berriaren "eraginkortasuna bertatuta geratu dela" nabarmendu nahi izan du agerraldian.

Behin datuak azpimarratuta, emaitza onen gakoa "kontzientziazioa" izan dela azaldu du Iriartek: "Herritarrekin birziklatze tailerrak egin genituen eta, Hirukide, Samaniego, Orixe, Paper Eskola, Inmakulada eta Tolosaldea Lanbide Heziketa Institututko 2.500 ikaslerengana ere iritsi gara, 3 eta 20 urte bitarteko neska-mutilekin birziklatzea lantzen aritu garelako. Eskerrik asko, beraz, ikastetxe horiei guztiei".

Udal gobernuaren arabera, %75a gainditzea zuzenki lotua dago edukiontzien neurriarekin. Izan ere, "gaizki bereizitako poltsak daudenean edukiontzi hori soilik erretiratu behar da, eta ez kamioikada osoa". Horrela, ingurumena zaintzearekin batera, ekonomikoki ere "onura" bat da hori udalaren arabera: "Tona bat errefusa tratatzeak 144 euroko kostua du eta, aldiz, tona bat organiko tratatzeak 72 eurokoa".

Errefortzuak inauterietarako

Datozen egunotan, inauteriak direla eta, normalean baino hondakin gehiago sortuko dira. Horregatik, gabonetan bezala, bilketan errefortzuak ezarriko ditu udalak: "Biltzaile bereziei gutunez jakinarazi diegu jada eta, beraz, elkarte gastronomikoek eta ostalariek bilketa berezia izango dute egunotan". Horrela, sortzaile berezi horiek egunero atera ahal izango dute errefusa eta organikoa, Ostiral Mehetik Hausterre egunera bitarte.

Bide beretik, herritarrek bilketa egun berberak izango dituzte arren, bilketa izango da indartuko dutena.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!