"Tolosaldeak ezin du laborategi bat izan" Denis Itxasoren ustez

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko otsailaren 6a

PSE-EEko alkategai Jose Ignacio Asensiok agerraldia eskaini zuen asteazkenean, Denis Itxaso aldun nagusirako hautagaiarekin batera; langabezia eta hondakinen bilketa sistema izan zituzten hizpide.

"Lan bilera bat baliatuz", Denis Itxaso Gipuzkoako Aldun Nagusi izateko PSE-EEren hautagaia Tolosako egoitzara bertaratu da aste honetan. Besteak beste, Bilduk Tolosaldean hondakinekin hartu duen jarrera kritikatu zuen agerraldian, "EH Bilduren joera naturala gauzak inposatzea dela" nabarmenduz.

Datorren maiatzeko hauteskundeei begira, sozialistek ere hasia dute herri-eragileekin biltzeko erronda. Horrela, Asensio zinegotziak "proposamen asko" jaso dituztela azaldu zuen asteazkenean, langabeziaren arazoa konpontzea lehentasun gisa zehaztuz: "Denis Itxasori horixe eskatuko diogu, lehentasun moduan, aldun nagusi izendatzen dutenean".

Bide beretik, Asensio alkategaiak azken legealdiko erakundeen arteko elkarlana "hutsala" izan dela salatu zuen, EH Bildu eta EAJ seinalatuz: "Tolosan legealdi honetan aurrera eraman dituzten egitasmo nagusiak –Euskal Herria plazako gazteentzako etxebizitzak, Lehiberri edo Topic– Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako kontseilari zen garaian onartu ziren; eta, kasualitatez, baita Espainiako Gobernuan PSOE gobernatzen ari zenean".

Horren harira, bera, bai Bilduk eta bai EAJk "krisia aitzakiatzat" darabiltela uste du PSE-EEK: "Krisia ez da aitzakia proposamenik ez egiteko eta, EAJri dagokionez, ez da zilegi beraiek aginteak ez daudenean, tolosarrak zigortzea".

Itxasok, San Marcos adibide

Denis Itxasok hondakinen gaiari heldu nahi izan zion agerraldian, hiritarren "desadostasun garbia" azpimarratuz: "Badirudi Bilduk ez duena onartzen, atez atekoa jarri ez arren, ohiko edukiontziak direla onenak".

Bere arabera, "Tolosako etxeak benetako biltegi bilakatu dira azken hilabeteotan" eta, gainera, "Donostiako datuak atez ateko herrietakoak bezain onak" direla dio. Finean, "eskualdeak ezin du laborategi bat izan" Itxasoren ustez, eta "politikari zentzudunak behar dira".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!