Inauteriak 2015. Prestaketak

Txosnak, parte baina ez aparte

Asier Imaz 2015ko ots. 7a, 11:00

Inauterietarako egitarau oparoa antolatu du Txozna Batzordeak. Azken urteetan bezala Euskal Herria plazan jarriko dute karpa erraldoia, ostegunetik astelehenera zabalik.

«2015eko txosnak, Euskal Herriaren parte, eta ez utzi aparte» iragartzen du Inauterietako Txozna Batzordearen kartelak. Euskal Herria plazako karpa erraldoia bost egunetan egongo da irekita: Ostegun Gizenetik Astelehenitara bitarte. Urtero bezala, egitarauaren oinarria kontzertuak izango dira, baina beste hainbat ekimen ere antolatu dituzte txosna gunean: topa, zagiardoa, txiste afaria, dantza emanaldia...

Otsabi, Ernai, Ikasle Abertzaleak, Jatorkin, Euskal Herria Sozialista eta Tolosako Gazte Asanbladak osatu dute aurtengo Txozna Batzordea. Talde bakoitzak bere aldarrikapenekin jantziko du Euskal Herria plazako gunea. Guztia auzolanean antolatu dute, eta inauterien aurretik, hilabeteak daramatzate lanean. Berrikuntza handi bat ere sartu dute aurtengorako. Izan ere, parte hartzea bultzatu dute: «Herriari zabaldu nahi diogu karpako barra, festak dirauen egunetan». Horrela, txosnako txandak osatzeko deialdia egin zuten, eta lagundu nahi zuen edonork bere ekarpena egiteko aukera izan zuen. Guztira 180 txanda inguru egongo dira inauterietan. Hain zuzen horretarako zabaldu zuten herritarren artean zerrenda. Laguntzeko prest zegoenak, lau gauza zehaztu behar zituen: aukeratutako eguna eta ordutegia, jende kopurua, izena eta telefonoa. Ekimenaren inguruko balantzea egiterako garaian, batzordeko kideak gustura agertu dira jasotako erantzunarekin: «Ideiak harrera ona izan du; oraingoz jende dezentek eman du izena, eta gustura gaude».

Aipatu, gaur amaituko dela zerrendan izena emateko aukera. Horretarako, tolosakotxoznak@gmail.com helbidera idatzi behar da. Esan daiteke, beraz, karpako ateak zabaltzearekin batera, txosnek barrakoak ere zabaldu dituztela. Guzti horrekin inauterien parte garrantzitsu bilakatu den gune baten iraupena bilatzen da, parte hartzearen bidetik. Izan ere, txoznetako giroa ez da beste inon topatzen.

'Gure plazan', berriro ere Laket taldea

Ostegun Gizenean zabalduko dute txosna gunea, 13:00etan. Kontzertua eskainiko duen lehen taldea La Jodedera izango da. Euskal-kubatar erritmoen ondoren, Ingo al deu? eta Little Martin ariko dira oholtza gainetik. Hortik aurrera, etengabeko musika festa izango da karpan, egunero, Astelehenitara bitarte. Antolatzaileen esanetan, «urtero moduan talde ugarik bidali digute inauterietan txosna gunean jotzeko eskaria. Baina ezin izan ditugu guztiak sartu. Sentitzen dugula esatea besterik ez zaigu geratzen, eta guztiei eskerrak ematea». Horrez gain, Laket taldea aipatu dute batzordeko kideek. Aurten berriro ere Tolosako Inauterietan egongo dira, geldialdi baten ondoren, emanaldietara itzultzea erabaki baitute. Laketek Txozna Batzordearen kanta egin zuen, Gure plazan, eta antolakuntzan dabiltzan kideak, ez dira euretaz ahaztu: «Bereziki eskerrak eman nahiko genizkie Laketeko kideei, gurekin beti izan duten jarreragatik, eta urte hauetan guztietan eman diguten laguntzagatik».

Aurtengo egitarauan egongo den berrikuntza, berriz, Zaldunita Bezperako Txiste Afaria izango da. 21:00etan hasiko da, eta txartelak 10 eurotan daude salgai Rakun, Orbelan eta Denak tabernetan.

Egitaraua

Otsailak 12, Ostegun Gizena

13:00. Topa.

14:00. Zagiardoa.

19:00. La Jodedera.

22:30. Ingo al deu? eta Little Martin.

Otsailak 13, Ostiral Mehea

22:30. Ahuntzape, Xaiko eta DJ Arki.

Otsailak 14, Zaldunita Bezpera

21:00. Txiste Afaria.

22:30. Atzekabe.

Otsailak 15, Zaldunita

19:00. Laket.

22:30. Konbenio del metal, DJ Bull eta DJ Sendo.

Otsailak 16, Astelehenita

22:30. Patxiko Nice, Zesuma eta Selektah Stepi & Kenitra (Bad Sound System).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!