Tolosako inauterietan ohitura bilakatu da sei egunetako batean, gutxienez, sagardotegi alternatibora joatea. Ostegunetik asteartera afariak ematen dituzte, 21:00etatik aurrera, eta igandean, bazkaria. 13:00ak aldera agertzea komeni dela diote antolatzaileek, «batez ere, lekua hartzeko eta horrela jangela antolatzeko». Azken urteetan jende ugari elkartu zaie igandean, eta bi txanda egin beharrean aurkitu izan dira. Goraka doan beste eguna asteartea da. Inauterien azken eguna izan arren, afaldar ugari elkartzen da Lapurdi plazako sagardotegian, Anoetarako bidean gelditzen den plazan.
Aurten 16. urtea izango da. Bigarren hamarkadaren bila doazela esan behar, baina «zoritxarrez». Sagardotegi alternatiboa jartzea bultzatzen duten arrazoiak, desagertzea nahiago lukete antolatzaileek. Preso eta Iheslarien Lagunek errepresaliatuak etxean nahi dituzte, eta hori lortu bitartean, inauterietan sagardotegia antolatzen jarraitzea tokatzen zaie, zoritxarrez. Baina bestalde, jaiaren parte bilakatu dira. Ohitura. Lapurdi plazan boluntario lanari esker funtzionatzen duten karpak, aldarrikapen eta elkartasun gune dira. Guztira 150 lagun inguru ibiltzen dira lanean sagardotegiaren bueltan.
Sagardotegian bi elementu dira beharrezkoak: menua eta sagardoa. Sukaldariak urtero esperientzia pilatzen joan dira, eta aurten, 16. urtea izango dute lan horietan. Beti esaten duten bezala, «inor ez da etorri janariaz kexatzera». Txuleta, saiheskia, bakailao tortilla, gazta, irasagarra eta intxaurrak. Bertako produktuak bultzatuz, zerbitzu ederra eskaintzen die bertatik pasatzen diren lagunei, 1.000 afaldar eta bazkaldar inguru. Hauek, giro goxoan egoteko aukera dute, berogailuekin egokitzen baitute sagardotegia, eta kanpoko giroari begira egon beharrik ez dute izaten horrela. Sagardoari dagokionez, Isastegi Sagardotegiaren laguntza izaten dute Preso eta Iheslarien Lagunek; kupelak, Aldaba Txikitik eramaten baitituzte Lapurdi Plazara. Sagardoa gustuko ez duenak, ardo faltarik ez du izango aurtengoan ere.
Sagardotegi alternatiboa topagune bilakatu da inauterietan. Bertatik buelta bat ematea nahikoa da horren jakitun izateko. Belaunaldi desberdinak kupelen inguruan biltzen dira, edo mahai luze horietan eserita. Tertulian, mozorroturik, kalez jantzita, algaraka, inauterietan… baina aulki batzuk hutsik direla jakitun.
SAGARDOTEGIA
Ordutegia
Ostegunetik asteartera 21:00etatik aurrera afariak.
Igandean 13:00etatik aurrera bazkaria.
Menua
Bakailao tortilla, txuleta edo saiheskia, gazta, irasagarra eta intxaurrak.