Inauteriak 2015. Prestaketak

Tolosako Inauteriak historian

Fernando Rojo Tolosa 2015ko ots. 8a, 12:30

Tolosako inauterien eboluzio historikoari buruz datu historiko solte batzuk baino ez ditugu. Pablo Gorosabel historialariak eta, utzi berri gaituen, Juan Garmendia Larrañaga etnografoak utzi dizkigute idatzita gure jaien inguruko zertzelada batzuk. 

Horietatik abiatuta jakin dezakegu Iñauterik garrantzitsuak izan direla Tolosan aspaldidanik, eta ez soilik, askotan esan izan den bezala, Franco diktadoreak debekatu ostean beste izen baten pean mantendu izan zirelako, alderantziz baizik, esan genezake frankismo garaian jarraitu ahal izan zutela lehenagotik herrian oso sustraituak zeudelako.

Tolosa 1256an fundatu zuen Gaztelako Alfonso X.ak, nahiz eta aurretik biztanlego bat bazen bertan bizitzen. Erdi Aroa zen eta ezer gutxi dakigu orduko tolosarrek nolako inauteriak ospatzen zituzten. Auzoko baserrietan landa giroko inauteriak izango ziren: puska biltzea, maskara atabikoak, bertako kantu eta musika… Baina nola ospatzen zituzten inauteriak hiribilduan?

Aipatu ditugun bi egile horien idatzietatik abiatuz eta Europako beste hiri garrantzitsu batzuetako inauterietako datuen behaketa eginez irudika dezakegu gutxi gora-behera nolakoak izan diren Tolosako Iñauterik.

Erdi Aroari buruzko daturik ez dugu, baina Europan egiten zenetik oso urrun ez ziren ibiliko. Ordurako, Inauteria kristautasunak markatzen duen moldeetan sartzen da eta egutegi liturgikoak ezartzen ditu inauterien mugak, Garizumak, hain zuzen ere. Hausterre Egunaren aurreko hiru egunak baitziren inauteri, eta nahikoa askatasuna bazegoen jaiak nahierara ospatzeko, gehiegikeria eta nahigabekeriak tarteko, ondoren abstinentzia, hausnarketa eta purifikaziorako garaia baitzetorren.

XVI. mendetik aurrera Europa osoan gizarte eta ekonomia aldaketa sakonak iritsi ziren. Amerika eta beste lurralde batzuk kolonizatzen hasi zirenez geroztik, klase sozial merkatari berri bat garatuko da, burgesia sortu berri bat. Gertaera hauek kapital berria ekarriko dute Europara eta, ondorioz, hiriak, ordura arte ezagutu ez zen handitze, urbanizatze eta burgeste prozesu batean murgildu ziren. Gizarte-egitura osoa eraldatzen da eta Inauteriak ere bilakaera horren biktima izango dira. Transformazio horren ezaugarri garrantzitsuena, batetik, naturaltasun eta bat-batekotasuna galtzea izan zen, eta, bestetik, festaren kontrola agintarien eskutik. Mariano Jose de Larra idazle espainiarrak zera aipatu zuen aldaketa hauen inguruan: «Espontaneidad por planificación, espectáculo y pompa urbanística». Beraz, Berpizkunde garaian bilakatzen joan eta XIX. mendean Europako hiri inauteriak guztiz urbanizatuak eta agintariek kontrolatuta zeuden. Inprobisazioari tokia hartu zion ikuskizunak. Horrela daude guk dakizkigunak ere, Tolosako Iñauteriei buruzko datu gehienak (diru kontuak, baimena, ordutegiak, musikariak…) udal artxibategitik jasotakoak baitira, udalak antolatu eta kontrolatzen baitzituen karnabalak.

Gipuzkoako Aro Modernoan, inaute jaien arrakastaren inguruan, Manuel de Larramendi jesuita andoaindarrak 1754ean Gipuzkoako historia idaztean zera adierazi zuen: «En carnestolendas se visten de zamorros y mozorros, esto es, en mascarados, disfrazados, y los más muy ridículos y estrafalarios. Hacen cien locuras y tontadas»; hala ere, garai bateko basakeriak utzi eta nolabaiteko kontrola bazutela dio: «Aunque ya se van corrigiendo de lo mucho y malo que había antes».

Tolosa 1844ean Gipuzkoako hiriburu bihurtzen da. Urte horietako iñauterik oso bereziak izan ziren. Ordurako protagonismoa Plaza Berriak hartu zuen eta han ospatzen ziren urteko ekitaldi garrantzitsuenak: gau-jaiak, dantzak, bigantxak, suak, musika, mozorro-festak,…

Arestian aipatu dugun moduan, mozorrotzeko eta astakeriak egiteko ohitura erlaxatuagoa zegoen, inauteriak oso sustraituak zeuden arren: «En el dia va perdiéndose notablemente el uso de disfrazarse; y las diversiones de estos días apenas pasan de correr novillos, música y baile de sarao por la noche, a excepción de algún año que otro en que se hacen comparsas», (Pablo Gorosabel).

XIX. mende bereko azken aldera berriz, esan daiteke berriro gorakada bat izan zutela. Garaiko prentsa eta artxiboko kontuen arabera, konpartsa batzuk ezagutzen dira eta danborradaren lehen printzak ere bai, 1896ean Lagun Artea elkarteko kideak Zaldunitan diana orduan atera ziren gasolina lata batzuk jotzen, Donostiakoa imitatu nahian. Gero, tarteka errepikatuko da «danborrada», XX. hasieran formalizatu eta itxura hartzen joango da, gaur egun duguna egituratu arte. 1895ean Lagun Artea elkarte berberak herriko agintaritza («…con alguaciles, tamborileros, clarines, maceros…») irudikatzen zuen parodia bat egin zuen, konpartsa bidez, gaur egun Ostegun Gizenean egiten denaren aitzindari.

Konpartsen artean oso ezagun eta popularra 1884ko Eroen Segizioa (Comitiva de la locura) izan zen, jende artean bildutako diruarekin 500 pertsonez osatutako konpartsa erraldoi bat ikusi baitzen Tolosako kaleetan, Europako hirietan ateratzen ziren ereduak jarraiki, Veneziakoa edo Nizakoa kasu.

1908an bere betiko mugetatik irtengo da eta Zezen Plazara eramango dira bigantxak, nahiz eta inauterien protagonismoa oraindik Alde Zaharrak izango duen.

Frankismoak iraun artean inauteriak debekatu egin ziren estatu osoan, eta jakina den bezala Tolosan iraun zuten Fiestas de Primavera izenarekin. Hasieran oso umil eta estalita bazen ere, 1943tik aurrera berriro indartuz joan ziren. Elizaren kexu eta protestak tartean baziren ere musika, zekorrak, dantzak eta dibertsioa ez ziren falta izango errepresioz betetako urte beltz luze haietan. Herriko agintariak jaien aldekoak zirelako; eta, batik bat, herriak hori jaso zuelako eta ondo pasa nahi zuelako.

Hala eta guztiz ere, aldaketa handienak diktadura amaitu denetik eman dira, azken hamarkadotan. Parte hartzea handitu da eta ikuskizunak gora egin du. Txarangek eta kuadrillek (familia, lagun, elkarte…) hartu dute protagonismoa. Inprobisazioak toki nabarmena badu ere, egitura aldetik jaiak antolatuta daude erabat, eta oso arautuak (egitaraua, egitura, jaiaren eszenak, ordutegiak, isunak, egunak, desfileak, danborradak, zezenak, sariak…). Gainera, hein handi batean diru-laguntzak ere ematen dira. Kontsumoarekin oso lotuta daude, kontsumismo garaietan murgilduta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!