Euskal Ligan asteburuan atseden hartuko dute

Asier Imaz 2015ko ots. 5a, 19:08

Maddi Garikano partidaren amaieran gustura zegoen egindako lanarekin, lortutako garaipenarekin, eta erakutsitakoarekin. «Ez dut uste partida bat horrela inoiz hasi dugunik», zioen Tolosa CF taldeko jokalariak. 

Bigarren itzulia indartsu hasi du Euskal Ligako taldeak, eta azken partidan, larunbatean, etxean Berrio Otxoari irabazi zioten 3-1. Hiru golak lehen zatian lortu zituzten urdinek. Hiru puntu horiei esker, sailkapen nagusian hiru postu egin ditu gora Tolosak, zortzigarren jarriz.


Hurrengo astean atseden hartuko du taldeak, baita jubenilek eta kadeteek ere, Euskal Selekzioak jokatuko baitu.


Infantilei dagokienez, txapeldunen fasea jokatzen hasiko dira hurrengo astean. Lehen multzoan Tolosa B ariko da, eta Tolosa A, bigarren multzoan. Asteburu honetan, eguraldia medio, ez batak eta ez besteak ez zuen ligako partidarik jokatu.

 

Eli Garmendia
Joana multa! Behin eta berriz ozen errepikatzen egon nintzen aldagelan esaldia, izan ere, kalez jantzita etorri zen Joana partidara, motxilan ez zitzaiolako arropa guztia sartzen. Batzuk, ordea, motxilako zirrikitu guztiak aprobetxatuz kaleko arropa bertan sartzea lortu genuen.


Aldatzen hasi eta motxilatik gauzak ateratzerakoan... ze demontre! Eta nire espinillerak...? Nire hitzak irentsi behar izan nituen hau esanez: Neskak, multa daukat...espinillerak ahaztu ditut! Denak algara batean hasi ziren bapatean «Eli multa!» esaten zuten bitartean.


Partida hartako 3 puntuak oso garrantzitsuak zirela bagenekien, ondo jakin ere, jokatzeko sekulako gogoak genituen, baina, partida bertan behera geratuko ote zenaren zurrumurrua iritsi zitzaigun aldagelara, izan ere, ia Tolosa guztia argi gabe geratu zen eta iluntzen ari zuenez, ezin izango genuen jokatu. Lortu genuen kontzentrazio guztia minutu bateko kontuan joan zen. Eta hortxe zegoen gure ‘Killer’ Henar, aurreko partidatik zuen motibazioa guri transmititzen hasi zen. Bere beroketa pertsonalizatuak berriro ere partidan pentsatzen jarri gintuen eta inoiz baino kontzentratu eta motibatuago atera ginen. Berriz ere gorputzak berotu genituenean argia itzuli zela esan ziguten eta, beraz, partidari ekin genion.


Azkar sartu genituen golak, lehenengo biak gure pitxitxi ‘Mar’-en eskutik eta hirugarrena Nereak egin zuen jokaldi paregabearen ondoren. Azkenaldian epaileekin ez dugu zorte onik eduki eta larunbata ez zen egun berezia izango, eta, bestela, galdetu Maddiri, gol argi bat kendu zion baloia porterian sartu ordez kanpora joan zela uste zuelako...


Bagenekien Berriotxoako neskak gogor sartzen zirela baina...gu ez ginen atzean geratu. Azkenean amaitu zen partida, 3 puntuak etxean eta denak bizirik! Larunbateko porra Mireia eta Nereak eman zuten eta haiek esan bezala hurrengo afaria beraien kontu!


Azkenik, deialdi bat egin nahi diet hemendik entrenatzaileei: Leire erdiko aurrelari!


Aupa neskak, pixkanaka puntuak gehituz goiko postuetara!

 

EUSKAL LIGA
Tolosa CF    3
Berri Otxoa    1
Golak: Maddi Luzuriaga (2), eta Nerea Muruak.

Sailkapena
1. Eibar                                             37p
2. Leioako Emakumeak          36p
3. Bizkerre                                      34p
7. Beasain                                       19p
8. Tolosa CF                            19p
14. Lantaron                                    3p

Hurrengo partida, otsailak 15
Erandioko-Tolosa CF

JUBENILAK
Ordizia    3
Tolosa CF    3
Golak: June Osinaga, Ainhoa Garikano eta Ainhoa Bengoetxeak.

KADETEAK
Hernani    1
Tolosa CF    2
Gola: Ane Alfonso eta Maddi Peguerok.

INFANTILAK
Bertan behera geratu ziren Tolosa A eta B-ren partidak. Talde hauek, txapeldunen fasea jokatzen hasiko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!