Inauteriak 2015. Prestaketak

Tolosa prest, 'sobrekamak' balkoietatik zintzilikatzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ots. 6a, 10:30

Joakin Izagirre Inauterizale Kuttunarekin batera, Kabila eta Vista Alegre txarangak protagonista izango dira

Astebete. Besterik ez da geratzen, urte oso-osoan itxaron, atzera-kontatu, prestatu eta amestutako egun horiei hasiera emateko. Otsailaren 12ak hartuko du, aurten, algara eta gozamena tolosarren erraietaraino sartzen duen Ostegun Gizena, eta herria prest da, inauteriak beso-zabalik hartzeko.

Zenbait tolosar aspaldi hasiak izango dira, ideiak garatzen eta prestaketa lanak behar bezala aurreratzen. Beste, asko, ordea, betiko moduan, Zaldunita bezperara arte ariko dira Ferialekuan, lokalean, elkarteren batean nahiz etxeko besaulkian, erlojuaren kontra.

Erlojuari aurrea hartu eta aurtengo inauterietako ospakizunak bideratuta dituenetako bat Joakin Izagirre da. Kabi Alai elkarteak bera aukeratu du, 2015ean, Inauterizale Kuttun izendatzea jasotzeko, eta festa horiek pasio dituen edonork bezalaxe, hunkituta eta ohorez jaso du berria.

Kabi Alai elkarte berrituan eman dute horren berri, eta Izagirrek gogora ekarri ditu iragan urteetako inauteriak: «Astelehenero elkartean biltzen ginen, batetik, ideiak bildu eta zerbait aukeratzen joateko eta, bestetik, dirua aurrezteko. Astero 150 pezeta jartzen zituen bakoitzak».

Isilean lan egindako inauterizaletzat du herrikide askok, baina, isilean lan egin izanagatik, algara ozenak sortutakoa izan da, lagunekin batera. Horrela, Pablo Dendaluzeren artxibotik bildutako irudiekin, opari hunkigarria eskaini diote omenduari.

 

Ate joka diren inauterietan, ordea, ez da ospakizunetan murgilduko den bakarra. Izan ere, bi txarangak urteurrena dute 2015ean eta, noski, inauteriak plaza bikaina izango dira gogora ekartzeko. Vista Alegre txarangak, batetik, mende laurdena beteko du aurten. Tolosako Udalak inauteriak aurkezteko egindako agerraldian, Alvaro Atorrasagastik azaldu du, duela 27 urte txaranga nolatan sortu zuten: «Ikastolako lagunak ginen eta, ia guztiok instrumenturen bat jotzen genuenez, txaranga sortzea erabaki genuen».

Ez da hori, ordea, Vista Alegrekoen meriturik handiena. Ostegun Gizen bezeperan, edo gauerdian, tradizio bilakatu da, jada, Trianguloa plazara joan eta inauteriak 12 ordu lehenago hastea. Bada, Vista Alegrekoen ideia izan zen, eta hasiera batean beren erokeriatzat bazuten ere, egitarauan ez dauden hamaika jarduera horietako bat da, inauterik tolosarrenetan.

Mende laurdenetik 75. urteurrenera, Kabila txarangak urtemuga benetan garrantzitsua du aurten. Emilio Latorrek azaldu duen bezala, Espainiako Gerraren ondoren sortutako taldea izan zen eta, gerraren ondorio, Afrikako lurraldeetatik hartu zituzten izena eta jantzia.

Txantxa artean, «erbesteratutako txaranga» dela esaten dute kideek, izan ere, elkarterik ez duten txarangetako bat da Tolosan. Latorre bera, txiki-txikitatik da kabilatarra, aitaren bidetik hasi baitzen txarangan. «Urtero ezin da esan 75 urte betetzen direnik, beraz, inauteri bereziak izango dira aurtengoak, noski». Eta, berezitasun horren zati txiki bat baino ez dute plazaratu nahi izan. Piñata Igandeari iragan urteetan izandako festa-giroa oparitu nahian, txaranga topaketa egingo dute otsailaren 22an eta, bazkariaren ondoren, zezen txikiak izango dira zezen plazan.

Horrez gain, ordea, «sorpresaren bat edo beste» ere gorde dute: «Zaldunitan eta Asteartitan txaranga aterako denez, zer edo zer izango da. Duela 25 urte gamelu bat ekarri genuen inauterietara, eta orain ezin izango dugu, baina zerbait izango da».

 

Tolosarren ideiak inauteriaren indar

«Inauterietara berrikuntzak herritarrek ekartzen dituzte, urtero». Hala nabarmendu dute, Ibai Iriarte alkateak eta Igor Ezenarro kultura eta festa zinegotziak, jaien aurkezpen ofizialean.

Horren erakusgarri dira urtez urteko mozorro, karroza eta ideia originalak, eta baita jaien garapenak berarekin dakartzan arazoei aurre egiteko erabakiak ere.

Horrela, aste honetan bertan erabaki dute, jai batzordeko karroza eta konpartsen ordezkariek, Zaldunita goizean ibilbidean geldirik egotea; parte hartzaile kopurua izugarria dela eta, azken urteotan ezinezkoa suertatzen zen metro gutxi batzuk mugitzea eta, denen onerako erabakia izango delakoan, gune zehatz batean igaroko dute goiza.

Halaber, udalak zarataren auziari ere erremedio bat jarri nahi izan dio. Zezen plazako ikuskizunera txarangak igotzen diren kalejiran eta, halaber, amaitutako jaitsieran, karroza guzti-guztiek isilunea errespetatu beharko dute, lehen txaranga ibibidean sartzen denetik azken txaranga pasatzen denera arte.

Ezenarrok festaren garapenak arazoa berarekin dakarrela azpimarratu nahi izan du, baina hori ona dela ere azaldu du: «Duela 30 urte jende erdia ere ez zen mozorrotzen, eta ibilbidean oso karroza gutxi ikusten dira irudietan. Inauteri koloretsu eta jendetsua izateak horrelako arazoak dakartza».

Azkenik, karroza eta konpartsen lehiaketako sariek ere kolore berri bat izango dute aurten: morea. Parekidetasun Sailak sustatuta, karrozarik berdinzaleenak aipamen berezia jasoko du.

Berrikuntzaren aurka, zezen plazara txarangen atzetik sartu den jende kopurua mugatzeko iazko sistema errepikatuko du udalak, eta unean bertan egingo dute kontaketa.

Inauteri usaina darie kale, etxe eta txoko tolosarrei, eta TOLOSALDEKO ATARIAri ere inoizko inaute-kolorerik biziena piztuko zaio datorren ostegunetik aurrera. #inauteriak15 traolari jarraitzea besterik ez da egin beharko, paperean nahiz www.ataria.info-n argitaratuko dugunaz gozatzeko.

 

Zezen plazan, iazko neurriak

Tolosako inauterien beste aferetako bat zezen plazara sartzeko mugena izan da, azken urteotan. Iazko sistemak emaitza onak eman zituela eta, aurten ere kontaketa bidezko sistema erabiliko du udalak, txarangen atzetik plazara sartuko den jendea kontatzeko.

Azkenik, aipatzekoa da udalak garraio publikoaren erabilera sustatuko duela aurten ere, eta autoa aukeratzen dutenek, Alondegia, Lapurdi plaza eta Asuncion klinikako aparkalekuak izango dituzte eskuragarri.

Otorduei begira, berriz, festara bertaratzen diren kanpotarrentzat Zerkausian jantokia izango dela, Zaldunitatik Asteartitara bitarte, eguerdiro. Horrekin batera, Lapurdi plazako sagardotegian ere menu ederra dastatzeko aukera izango da.

Pablo Dendaluzek ere omenaldia egin nahi izan dio Joakin Izagirreri, prentsaurrekoan honako bideo hau proiektatuz:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!