EAJren parte hartze kanpainak «400 ekarpen baino gehiago jaso ditu»

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ots. 5a, 10:08

Jeltzaleak «oso pozik» azaldu dira, eta «tolosarrek esateko asko» dutela nabarmendu dute

Duela hiru aste aurkeztu zuen, Tolosako EAJren alkategai Olatz Peonek, jeltzaleek beren programa osatzeko abian jarritako parte hartze kanpaina. Etxez etxe eskuorriak banatu zituzten eta, prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, «400 ekarpen baino gehiago» jaso dituzte herritarren aldetik.

Harreraren aurrean «oso pozik» azaldu dute beren burua eta, horrela, «eskerrak» eman nahi izan dizkiete tolosarrei. Olatz Peonen ustez, «bistakoa da tolosarrek esateko asko dutela, eta esaten duten hori kontuan hartzea nahi dutela». Horrela, «herritar asko Tolosako kaleak zikinak daudelako kexatu» direla azpimarratu dute.

Bide beretik, kexa nagusiak «argiztatzea hobetzea, trafiko noranzkoak aldatzea, bosgarren edukiontzia jartzea eta hondakinak egunero bota ahal izatea» izan direla diote EAJko kideek.

Bestelako kexa eta proposamenak ere jaso dituztela azaldu dute, eta horiek guztiak «aztertzen» ari direla azaldu du Peonek, oharrean. Bestalde, Facebook, Twitter (@olatzpeon), Whatsapp (688 62 52 30) nahiz e-postaz ekarpenak egiten jarraitzeko epea zabalik dela jakinarazi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!