Inauteriak 2015. Prestaketak

«Oso inauteri bereziak izango dira niretzat, ez ditut sekula ahaztuko»

Itzea Urkizu / Mikel Iraola 2015ko ots. 5a, 12:04

Dirdira darie bere begiei, inauteriez hitz egiterakoan. Eta, bizitzaren halabeharrek gurpildun aulki batean egotera behartu badute ere, inork ez dio urteko egun berezienak gozatzeko ilusioa lapurtu. Inauterizale izateko jaio egin behar dela dio, dudarik gabe, eta grina hori festara bideratzeko emaztearen nahiz koinatuaren laguntza bidelagun du, oraindik ere, Joakin Izagirrek. 

Mimo handiz hamaika karroza prestatutakoak dira bere eskuak, eta jaien aurpegi bakarrera mugatu gabe, txarangen atzetik, danborradan, Kabi Alaiko korporazioan nahiz txilaba jantzita marraztu izan ditu, milaka irribarre, bere aurpegian nahiz tolosarrenetan. Aurtengo inauteriei txoko berezia egingo die bihotzean, Inauterizale Kuttun saria jasoz Ostegun Gizeneko txupinazoa botatzeko ohorea izango baitu.

Kabi Alai elkarteak sari berezia emango dizu aurten. Pozik hartuko zenuen berria, ezta?

Bai, asko hunkitu nintzen jakin nuenean, ez bainuen halakorik espero, inondik inora. Baimena eskatzera etorri zitzaizkidan, eta oso-oso urduri jarri nintzen, unean bertan; ea egunean bertan lasaitzen naizen.

Inauterizale izan zarelako eta zarelako jasoko duzu errekonozimendu berezi hori. Inauterizalea jaio egiten al da?

Hori barruan eramaten da, noski baietz.

Txiki-txikitatik bizi izan al dituzu inauteriak hain gertutik?

Bai. Dena den, lagunekin-eta zerbait prestatu genuen lehen urtea 1966a izan zen eta, azkenekoz, berriz, 1996an ateratzeko aukera izan nuen. Hala ere, aipatzekoa da urte batean, lan-arrazoiak medio, Kolonbiara joan ginela eta hango inauteriak ezagutzeko aukera izan nuela. Jostun bat ere ezagutu genuen, eta hango jantziak hona ekarri genituen, Tolosako inauterietan ateratzeko, Garabato izeneko plataformarekin.

Eta, Kolonbiako inauteriak ezagututa, zein nahiago: hangoak ala Tolosakoak?

Tolosakoak, zalantzarik gabe! Ez dute parekorik. Han herritarrek ez dute parte hartzen, desfilea ikusi bakarrik egiten dute; pentsa, mozorrotu ere ez dira egiten! Gauean, berriz, parranda pixka bat egiteko nora joan gintezkeen ere galdetu genuen, eta caseta deituriko tabernatxoak jartzen dituzte, Plaza Berriaren antzeko gune batean. Plaza hartara sartzeko, ordea, sarrera ordaindu egin behar zen, haren truke mahai bat izateko. Gu, nola ez, mozorrotuta joan ginen, inauterietan geundelako; bada, plazan 3.000 pertsona baldin bazeuden, gu bakarrik geunden mozorrotuta. Hura lotsa pasatu genuena!

Inauteriak bizitzeko beste modu bat dute.

Kilometro pasatxoko pasealeku batean desfile bat egiten dute, eta horretara mugatzen da haien festa, beraz, ez dira mozorrotzen. Hori bai, desfilea sekulakoa da, ikaragarrizko karrozekin eta mozorroekin; badute Tenerifeko inauterien antza. Emakumeek oso jantzi landuak eramaten dituzte, 100 kilotik gorako pisua dutenak. Baina, esan bezala, hemengo saltsarik ez da han.

Tolosara itzuliz, nola parte hartu izan duzu inauterietan, aipatu dituzun urte horietan guztietan?

Lehenengo urtean taberna bat egin genuen, eta Bartolo izena jarri genion. Parte-hartzaile guztiok, neskaz jantzita atera ginen, sirtaki dantzatuz. Hurrengo urtean, berriz, bota-garbitzaileen mozorroa aukeratu genuen, eta Yenka dantzatu genuen. Hamaika mozorro atera izan ditugu, eta guztiak segidan gogoratze zaila da, egia esan. Gogoan dut gimnasioz ere atera ginela, eta gezurrezko bularrak genituela; irakasleak keinu egiten zuenean, bat-batean puztu egiten zitzaizkigun bularrak, jendeari barrea eraginez.

Taldean prestatzen zenuten guztia, beraz.

Bai, hori da. Koinatuarekin batera, talde handiago batean ateratzen ginen.

Zure gazte garaitik hona, inauteriak aldatu al dira?

Bai, eta jende gaztearengan ikusten ditut aldaketa nabarmenenak. Gaur egun, askok lanik egiten ez dutenez, ez dute dirurik karroza landuak egiteko. Gu, berriz, gutxienez hiru hilabete lehenago hasten ginen prestaketekin. Horregatik, karrozetan alde handia dago, nire ustez, lehengotik gaur egungora; guk esku lan gehiago egiten genuen, eta karrozak ikusgarriagoak ziren.

Jende kopuruari dagokionez, gaur egun parte-hartzaile gehiago izaten da karrozetan, ezta?

Hori bai, baina karrozekin, buila ateraz. Gaur egun soinu handia izaten da, baina egin behar dena egiterakoan, gauza gutxi. Dantza pixka bat egiten dute, baina ez da lehengo umorerik eta antzerkirik ikusten.

Soinua aipatu duzunez, zenbaitetan txarangak izaten dira kaltetuenak. Inauterizale on guztiek bezala, gustuko izango dituzu, ezta?

Bai, bai, txarangaren atzetik asko ibilitakoak gara eta, gehienbat, ostegun gauean. Izan ere, urte askotan Aurrera elkarteak Ostegun Gizen gauean antolatzen duen danborradan atera izan gara, eta sarri majorette moduan parte hartu izan dut. Hura bukatzen zenean, txarangen atzetik joaten ginen azkar, gau osorako, jo eta ke.

Ostegun Gizena egun kuttuna duzu, beraz.

Bai, osteguna aukeratuko nuke inauterietatik. Karrozarekin igandetan eta asteartetan ateratzen ginen gu, bi egunez, eta hura desberdina zen, noski. Baina, hala ere, osteguna da nire egunik gustukoena. Goizetik hasita, Kabi Alaira gosaltzera joan eta korporazioarekin ateratzen nintzen, egun osorako.

Ostegun Gizenetik hasita, beraz, egunaren ia ordu guztiak aprobetxatzen zenituen, korporaziotik hasita, danborradara arte.

Bai, bai, ahal zen guztian.

Lehen mozorroez aritu zara, eta izango duzu, horien artean ere, bereziki gustukoa izan duzun jantziren bat, ezta?

Lagun taldean oso gustukoa izan dugu, beti, inkubagailuz atera ginenekoa. Inkubagailu erraldoi bat egin genuen poliesterra erabilita, eta gu umez mozorrotu ginen, txupete eta guzti, inkubagailu barruan sartzeko.

Bukatzeko, nola ospatuko dituzu, aurten, hain bereziak izango diren inauteriak?

Eguraldia txarregia ez baldin bada, kalera irtengo naiz, txilaba bat edo zerbait jantzita, giroa ikustera. Bat edo beste, beti izaten dut norbait laguntzeko prest, beraz, zerbait ikusteko aukera izango dut. Eta, Ostegun Gizenean, udaletxera joateko asmoa dut, urduri jarriko naizen arren. Oso inauteri bereziak izango dira niretzat, ez ditut sekula ahaztuko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!