Aranzadik urtebeteko proiektua abiaraziko du, Tolosako giza-eskubideen urraketak ikertzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ots. 4a, 15:14

Zientzia elkarteak bi helburu bilduko dituen hitzarmena sinatu du Tolosako Udalarekin, frankismo garaitik aurrerako gertakarien deskribapen zientifikoa egiteko.

Tolosarrek nahiz Tolosan bizi izandako bortxa egoerak identifikatzeko helburuz, urtebeteko bi proiekturi ekingo die, Aranzadi zientzia elkarteak, Tolosako Udalarekin sinatu berri duen hitzarmenaren bitartez. Ibai Iriarte Tolosako alkatea eta Juantxo Agirre Mauleon izan dira aurkezpen agerraldian, eta lanaren abiapuntu izango diren hitzarmenak ere bertan sinatu dituzte.

Akordioetako bat ikerketa historikoaren bidetik joango da eta, 1945etik 1979ra bitarte, frankismoaren diktadura eta oroimen historikoa aztertuko dituzte. Bigarrenak, berriz, giza eskubideen urratzeari jarraituko dio, datu bilketa objektibo bat eginez.

Horretan guztian, eta egitasmoaren zuzendaritza lanak eginez, Pako Etxeberria eta Carlos Martin Beristain adituak ariko dira, Agirrek Mauleonek azaldu duenez: "Gure elkartearen sortzaile Joxemiel Barandiaranek esan zuen bezala, bertako gauzak ikertu behar ditugu, geure iragana ezagutzeko. Horregatik, Aranzadiko kideontzat erronka moduko bat da hastera goazena, eta atzerrian giza eskubideen urratzeekin burututako lanak oinarri izango ditugu horretarako".

Frankismoaren bigarren zatiari dagokion ikerketa duela zenbait urte udalak abiarazitako lanaren jarraipena izango da: "Orduan ere Aranzadirekin elkarlanean burutu zuten lana, eta 1969tik 1945era bitarteko errepresio eta eskubide-urratzeak jorratu zituzten, argitalpen bat osatuz", azaldu du Iriartek. Haren bideari jarraituz, beraz, "pauso bat gehiago ematea" da udalaren nahia, "frankismoaren arduradunak zien izan ziren ikertzeko eta errepresioa jasan zutenei aitortza eskaintzeko".

Behin datu historikoak bilduta, ordea, proiektu berri hau "bizikidetzaren bidean" kokatu nahi izan du Ibai Iriartek, eta hor txertatu dute bigarren hitzarmena, giza eskubideei dagokiena: "Iraganeko eskubide urratzeen lanketa bat egin behar da, ikuspuntu kritikotik eta objektibotasun osoz. Izan ere, ezinbestekoa da iragana ezagutzea, etorkizuna eraikitzeko".

Biktimak errespetuz tratatuko dituena, eta inongo ideologiarik gabea

Juantxo Agirre Mauleon Aranzadiko idazkari nagusiak ere aurretik egindako proiektuaren "jarraipen naturaltzat" du ekitera doazena. Horrela, Tolosa 1939-1945. La represión y vulneración de los derechos humanos durante la Guerra Civil y el Primer Franquismo ikerketa aitzindaria izan zela nabarmendu du tolosarrak: "Euskal Herriko beste hainbat tokitan eredu moduan erabiltzen ari gara lan hura, antzeko lanak argitaratzeko".

Bide horretan, Tolosako Udalak "urrats garrantzitsua" eman dutela uste du Aranzadik, gisa honetako ikerketak ahalik eta emaitza onenak eman ditzaten, gertutasuna eta abiadura ezinbestekoak direlako: "Lehen frankismoko protagonista gehienak hilda daude, baina ikasi dugu abiadura eta gertutasun handiagoak behar ditugula, datuak ez galtzeko".

Datuak biltze horretan, hain zuzen, herritarrek garrantziaz ohartarazi nahi izan du Juantxo Agirre Mauleonek: "Euskal Herriko nahiz Espainiako artxiboak arakatuko ditugu, noski, baina, artxiboez gain, bizilagunen kontakizunek berebiziko pisua izango dute bi ikerketetan, idatzita ez daudenak ezagutzen baitituzte". Horrela, Aranzadik zenbait baldintza jarri zizkion Tolosako Udalari, proiektuarekin lanean hasi ahal izateko: "Lanerako independentzia osoa eskatu genuen, batetik, eta baita diskrezioa ere, horrekin guztiarekin emaitzaren sinesgarritasuna lortzen dugulako".

Udalak baldintza horiek onartuta, beraz, Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak jarritako irizpideak, Eusko Jaurlaritzak esparru horretarako jarritako irizpideekin uztartuko dituzte, Agirre Mauleonek azaldu duenez: "Protagonisten borondatea errespetatuko dugu beti, eta ikusi egin beharko da datuak nola kudeatu". 

Datorren urtean amaituko du lana Aranzadik, eta udalak orduan erabakiko du informazio hori nola plazaratuko duen: "Gertuko iragan horri lehenbailehen eustea da garrantzitsuena, gehiegi itxaron baitugu", dio Iriartek.

Horrenbestez, urte haietan bizi izandakoa orain arte isilean gorde izan dutenek bide berri bat izango dute beren testigantza partekatzeko, eta argitaratu edo ez erabakitzeko. jbuces@aranzadi.eus helbidea izango da, bata, eta 699 80 91 30 telefonoa, bestea.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!