«Asko disfrutatu nuen eta ez dut galdutakoaren sentsaziorik izan»

Asier Imaz 2015ko ots. 4a, 11:52

Egoitz Zalakain tolosar triatloilariak asteburu borobila izan du, eta txapeldun suertatu da Espainiako Neguko Triatloi Txapelketan. Europako Txapelketan, berriz, laugarren postuarekin konformatu behar izan du, hiru errusiarren atzetik sailkatuta. Ataria Irratian hitz egin du.

Iaz bezala Espainiakoan txapeldun. Pozik pentsatzen dut.
Bai bai, emaitzarekin oso gustura nago.

Txapelketa honetan Espainiakoa jokatzeaz gain, Europakoa ere jokatu duzue, ezta?
Bai. Niretzat helburu nagusia Europako Txapelketa zen, eta aurten Espainian jokatu dela suertatu da. Eta Europako Txapelketa aprobetxatu dute Espainiakoa ere egiteko.

Lehenik eta behin esan behar lasterketa moztu egin behar izan zutela.
Bai. Pena handia izan zen hori. Azkenean ezin izan zen ospatu neguko triatloia, zeren eguraldi oso-oso txarra zegoen eta errepide txarra, elurra... Reinosan zen egitekoa, bertan egingo zen korrika, mendatea igo bizikletaz eta goran eskiatu. Ezinezkoa zen gora igotzea eta duatloi bat egitea erabaki zen.

Erabakiaren berri eman zizuetenean, hainbeste denbora prestatzen aritu ostean zer pasa zitzaizun burutik?
Momentuan zalantza asko, eta prestaketa asko egin arren onartu egin behar da erabakia. Buelta eman, eta datorrenari aurre egiteko prestatzea besterik ez dago.

Probaren distantzia mozteak zuregan, kirolari moduan, onerako edo txarrerako eragina izan zuen.
Prestatutakotik lasterketa guztiz ezberdina izan zen. Korrika hasiera batean 10 kilometro egitekoak ginen eta bost kilometro egin genituen, erritmoak eta guzti ezberdinak izan ziren. Bizikletaz egin beharrekoa ere zelaian egin zen, eta niri gogorra gustatzen zait, mendateak igoz. Eskia, berriz, kendu egin zuten eta lan asko egina nuen entrenamenduetan. Nire kasuan kalte egin zidala esango nuke, baina beste guztiei bezala. Atzerritik jende pila bat etorri zen eta eskiatzen oso onak direnak, eta nik uste dut azkenean denoi egin zigula kalte.

Behin lasterketa hasita. Korrikako bost kilometroetan nola aurkitu zenuen zeure burua?
Distantzia erdia izatearekin oso azkar atera zen jendea eta hasieran pixka bat kosta egin zitzaidan. Gainera, hasiera batean lasterketa 11:00etan egitekoa zen eta atzerapena izan zen eta 14:00etan hasi zen, eta beroketa txarra izan zen. Azkar hasi, baina seikote bat iritsi ginen aurrean eta korrika nahiko ondo egin nuen.

Seikote baten barruan iritsi eta bizikleta hartzeko aurrean zinen.
Bai korrika ondo egin nuen. Hiru errusiar, italiar bat, norvegiar bat eta ni ginela esango nuke. Bizikletarekin seiok elkartu ginen, eta horrela egin genuen erdi bidea. Sasi ordekako bidea zen. Elurra oso-oso fuerte hasi zuen, haizea, errepidea zuritu zen eta nahiko arriskutsu jarri zen eta hor erabaki zen proba. Asko arriskatu genuen eta hiru errusiarrekin batera aurrera egin nuen, eta beste biak atzean geratu ziren.

Azken korrikako probara laukotean iritsi zinen eta Europako Kopako Txapelketako podiuma hor zegoen jokoan. Eskiaren ordezko korrika saioa hasi aurretik ordea arazoren bat izan zenuen, ezta?
Bai. Eguraldi oso txarra eta azken txanpan zapatilak janztera iristean eskuak izoztuta nituen. Ezin nuen ez kaskoa kendu ez eta zapatilak jantzi ere. Ez geunden prestatuta duatloi baterako eta oinetakoetan lokarri normalak neuzkan, eta 40 bat segundo atera zizkidaten beste hirurek, eta akabo.

Podiuma lehiatzeko aukerarekin zinen eta pena izango zenuen atzean geratuta...
Pena da, baina helmugara iristean ez nuen galdutakoaren sentsazio hori eduki. Asko disfrutatu nuen lasterketan, eta gustura sartu nintzen helmugan.

Espainiakoan txapeldun eta Europako Txapelketan laugarren.
Esan dudan moduan oso gustura geratu nintzen nire probarekin eta egoerari nola aurre egin nion ikusita. Ez zen erraza eta formatua ere berria zen. Emaitzarekin baino gehiago geratzen naiz lasterketa nola joan zen eta nola erantzun nuen.

Hemendik aurrera zer egokitzen da zure egutegian.
Normalean triatloiko denboraldiari begira entrenatzen dut, eta horretarako oraindik hilabete batzuk geratzen dira eta prestaketekin jarraituko dut lasai-lasai. Oraindik ez daukat guztiz erabakita aurtengo egutegia, hilabete batzuk pasatzen direnean zehaztuko dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!