Inauteriak 2015. Prestaketak

Zer nolako mozorroak ikusiko ditugu aurtengo inauterietan?

Mikel Iraola / Oinatz Martinez 2015eko otsailaren 3a

Noiz hasi ziren jostunak inauteri giroa nabaritzen? Zer da gehien eskatu dena? Zer behar du mozorro batek ona izateko? Galdera hauen erantzunen bila jo dugu, eta Tolosako Kilora, Maritxu dendara eta Maria Pilar Lasa akademiara.

Tolosako Kiloak 30 urte daramatza inauterietarako telak prestatzen. Edorta da bertako nagusia, eta berak azaldu duenez, "bolumen handiko trajeak" egiteko tela ari dira gehien saltzen aurten, hala ere, ez dira atzean geratzen marradun eta brillantedun telak.

Korreo Kaleko Maritxu jostunak ere 30 urte inguru daramatza mozorroak egiten. Bere kasuan, telak dendan bertan ditu, nahiz eta kanpotik eramanda ere egiten dituen. Pailazo traje pertsonalizatuak, bakarrak, eta txilabak egiten ditu gehien.

Maria Pilar Lasarentzat, aldiz, inauteri bereziak izango dira aurtengoan. 50 urtez aritu da jostun gisa, eta azken 40ak Nafarroa Etorbidean duen akademian igaro ditu. Hainbeste urtez inauteriei begira lanean aritu ostean, erritiroa hartuko du. Bere esanetan, "eskimal, pailazo eta mexikarren trajeak dira gehien egin dituztenak, betikoak". Horiez gain, aurten, txilaba gehiago egin dituztela dio: "Gutxi egin ditugun urteak izan dira, baina aurten asko egin ditugu".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!