Ostegun Gizeneko txupinazoa zuzenean ikusi ahal izango da Ataria eta 28 Kanalarekin

Ataria 2015eko otsailaren 2a

Tolosaldeko Atariak eta 28 Kanalak elkarlana abiatuko dute hemendik aurrera. Lehen mugarria Tolosako Inauteriak izango dira, eta Ostegun Gizenean ordu eta erdiko zuzeneko saio berezia eskainiko dute Tolosako Kasinotik.

Saio berezia 10:45ean hasiko da, eta bertan zuzeneko elkarrizketak, inauterien prestaketen inguruko bideoak eta bestelakoak ikusi ahal izango dira. Saio hori jarraitzeko hainbat modu izango dira: Ataria Irratia (107.6 FM), 28 Telebista, eta internet bidez, ataria.info eta 28kanala.eus.

ATARIA, INAUTERIETAN EGUNERO

Bestalde, Tolosaldeko Atariak ahalegin berezia egingo du aurten ere inauteriei begira, eta aurreko urteetan Tolosaldeko Hitza-rekin egiten zen moduan, egunero banatuko du egunkaria, egunak utzi dituen irudiak eta protagonistak bilduz.

Horrez gain, etengabeko jarraipena egingo da ataria.info-n, eta egunean bertako argazki galeriak eta bideoak egongo dira ikusgai.

Gainera, Ataria Irratiak zuzeneko beste hiru saio eskainiko ditu Fronton Kafetegiko terrazatik. Protagonista mordoa pasako da mikrofonoen aurretik. Esan beharrik ez da, parte hartze zabala bultzatu nahi dela, eta parte hartu nahiko lukeen orok bertara azaldu besterik ez duela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!