Mikel Sarasolak irabazi du Mendi Tour film labur lehiaketa

Ataria 2015eko otsailaren 2a

Munduan zehar Kayak-a praktikatzen izan dituen esperientziak laburbiltzen dituen Ur Guztien Gainetik lanarekin irabazi du saria.

Mendi-Tour zine zikloaren egitarauaren baitan, film laburren lehiaketa antolatu zuen udalak. Bost lan jaso dituzte aurten, eta Iosu Iztueta bidaiariak, Pablo Dendaluze ekoizleak, Edurne Pasaban alpinistak, Ramon Olasagasti kazetariak eta Nagore Salaberria bidaia gidariak osatutako epaimahaiak Mikel Sarasolaren lana hautatu du.

Epaimahaiak bere balorazioan azaldu duenez, "tituluak berak laburtzen du egokien film laburrak barnean biltzen duena: piraguarekin uraren gainean bizi, goza eta egin daitezkeen jarduera, abentura eta bidaia askotarikoen irudien bilduma". Azken finean, "filma piraguaren aldeko aldarria" dela adierazi dute.

Martxoan ospatuko da Mendi Tour jaialdia, eta bertan izango da ikusgai, lehiaketara aurkeztu diren gainontzeko film laburrekin batera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!