Emakume nikaraguarren jabetzerantz, elkartasun merkatua

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ots. 2a, 12:36

Amarozko auzo elkarteak hamabost urte inguru daramatza, elkartasunaren bidean, Nikaraguako Malpaisilloko emakumeei laguntza eskainiz. Merkatu txikia antolatzen dute horretarako, eta bihartik igandera bitarte zabalik izango da, Tolosako kultur etxeko areto nagusian.

Nikaraguan "sekulako miseria" bizi dutela nabarmendu nahi izan du Bittori Salinas antolatzaileetako batek. Pobrezia hori, ordea, ez da egitasmoaren muina: emakume nikaraguarren jabetzeari laguntzen diete, Xoxhilt Acalt izeneko zentrora irabaziak bideratuz.

Kooperatiba moduan funtzionatzen du aipaturiko guneak eta, horrela, eskulanak, nekazaritza lanak nahiz beste hainbat oinarrizko jakintza irakasten dizkiete emakume horiei. Bide horretan, aipatzekoa da Xoxhilt Acalt zentroan aritzen diren emakumeak egoera bereziak bizi izandakoak direla, tratu txarrak, bortxatzeak nahiz genero desberdintasunarekin lotutako beste hainbat baztertze jasandako emakumeak baitira.

Horrela, beraz, lanerako irakaspenekin batera, proiektu honek laguntza psikologikoa eskaintzeko ere balio du, eta baita Nikaraguako belaunaldi berriak generoaren esparruan kontzientziatzeko ere.

"Tolosarrak etor daitezela, laguntza behar dute"

Bihar hasita, 10:00etatik 13:era eta 17:00etatik 20:00etara bitarte zabalik izango da merkatu txikia, igande iluntzera bitarte. Bittori Salinasek nabarmendu duenez, krisiaren eragina ere atzeman dute merkatu txikian, baina herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkie: "Proiektu honen emaitzak positiboak baldin badira, hori tolosarrek eskuzabaltasunagatik da, eta baita Tolosako Udalaren laguntzagatik ere. Horregatik, herritarrei eskatu nahi diegu etor daitezela, behinik behin euro bana uztera, sekulako beharra baitut nikaraguarrek".

Horrenbestez, arropa, objektuak, liburuak nahiz diskoak aurkitzeko aukera izango da kultur etxean: "Inauteriei begira ere aukera bikaina da, eta horregatik antolatzen dugu merkatua, jaien bezperatan".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!