Imanol Rojo: "Munduko txapelketako bi probetan parte hartuko dut"

Asier Imaz 2015ko urt. 30a, 08:57

Eslovakian dago Imanol Rojo eskiatzailea, Universiada lehiatzen. 24 urteko tolosarra Austrian egon zen duela bi aste. Denboraldiko zita garrantzitsuena, aldiz, otsailean izango du, Suedian: munduko txapelketa.

Austrian lehen hamarren artean ibili zinen.
10 kilometroko klasikoan hamargarren amaitu nuen, eta F Pursuit proban zazpigarren.


Elkar lotutako bi proba dira, ezta?
Lehenengoan galdutako denbora kontuan hartzen da bigarren lasterketarako, eta atzerapenarekin ateratzen zara. Larunbatean ez nintzen ongi ibili, eta baina igandean postu dezente aurreratu nituen, eta gustura geratu nintzen.


Austriako lasterketak nazio arteko izaera dauka. Maila handia izango zen bertan, ezta?
Azkenean jende guztia puntu bila ibiltzen da, eta horrelako lasterketak aproposak dira. Horrez gain, Austrian eski tradizio handia dago, eta jende piloa elkartu ginen bertan.


Zer esan nahi duzu puntuen kontu horrekin?
Ahalik eta puntu gutxien eduki behar ditu norberak, lasterketetako gonbidapenak jaso ahal izateko.


Zer moduz zaude zu zerrenda horretan?
Denboraldia ez nuen oso ondo hasi. Abenduan birus batekin ibili nintzen, eta orain ari naiz errekuperatzen. Otsailean Suedian jokatuko den munduko txapelketarako ondo egotea espero dut. Ea bertan ikusten den entrenatu dudan guztia.


Zein probatan ariko zara Suedian?
30 kilometrokoan eta 15ekoan. Niretzat emaitzak lortzeko egokiena lehenengoa izango da.


Denboraldiko helburu nagusia litzateke.
Irailean zehar hasten gara entrenatzen, glaziarretara eta joaten. Ondoren, azaroan hasten da denboraldia. Nire kasuan, Suedian daukat burua. Ongi joaten bada, denboraldi txukuna izango litzateke.


Udan zer egiten duzu?
Normalean bizikleta eta rolleskia, hemen inguruko errepideetan, forma mantentzeko. Korrika, mendi lasterketaren bat egitea ere gustatzen zaigu, gorputza nola dagoen jakiteko.  


2018ko neguko joko olinpikoak buruan al dituzu?
Socchi oraindik oso gertu dago, baina gustatuko litzaidake 2018an Koreara joatea. 27 urte izango nituzke; iraupen probetarako adin egokia. Gogoa eta laguntzak baldin baditut, gustura joango nintzateke hurrengo neguko joko olinpikoetara.

 

Olaia eta Mikel Plazas, eta Irati Izagirre
Iragan asteburuan Aragoiko eski txapelketa izan zen Linzan eta Panticosan; Espainiako Koparako puntuagarria. Tolosako Alpino Uzturreko kideak bertan izan ziren, eta emaitza politak lortu zituzten. Besteak beste, Olaia Plazas infantiletan lehena gelditu zen. Kadeteetan, Mikel Plazasek bosgarren amaitu zuen, eta juniorretan, Irati Izagirrek laugarren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!