Txosnetako txandak herritarrei zabalduko dizkiete aurten

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko urtarrilaren 29a

Datorren otsailaren 6an itxiko dituzte txanda guztiak, inauteriei begira.

Euskal Herria plazako txosnagunea berrikuntza batekin dator aurtengo inauterietan, izan ere, herriari zabaldu nahi diote karpako barra, festak dirauen egunetan. Horrela, txandak osatzeko izen-ematea zabaldu dute, lagundu nahi dutenek beren alea jar dezaten.

Jakina den bezala, otsailaren 12tik 17ra bitarte ospatuko dira, aurten, Tolosako inauteriak. Horrela, egun horietan txosna zabalik izango den uneekin ordutegi taula bat osatu dute.

Txandaren bat egiteko prest dauden herritarrek mezu elektroniko bat bidali beharko dute tolosakotxoznak@gmail.com helbidera, eta lau gauza zehaztu beharko dituzte mezuan: aukeratutako eguna eta ordutegia, jende kopurua, telefono bat eta izenak. Aipatzekoa da, kaldereroen aurretik itxiko dituztela ordutegi guztiak, beraz, datorren otsailaren 6rako eman behar da izena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!