Tolosa, markak hausten

Asier Imaz 2015ko urt. 28a, 15:10

Josu Gomez Tolosa Atletismo Taldeko presidentea gustura zegoen ordezkatzen dituen atletek egindako lanarekin. Donostiako belodromoan, larunbatean, pista estaliko Euskadiko Elkarteen Kopa jokatu zen, eta Tolosak «lorpen historikoa» egin zuen bertan.

Gizonezkoetan, laugarren postuan sailkatu ziren urdinak, 13 probatan lehiatu ondoren. Emakumezkoetan, aldiz, bosgarren. Azken hauek bost podium eskuratu zituzten, eta mutilek hiru. Batzuen eta besteen puntuak pilatuz gero, sailkapen nagusian hirugarren geratu zen Tolosa Atletismo Taldea.


«Emaitza bikainak lortu ditugu. Baina zerbait azpimarratu beharko banu, Belodromoan jarri genuen giroa izango litzateke», zioen Gomezek. Izan ere, emaitzak onak izan baziren, harmailetan gertatu zena azaltzea ez da erraza.


Larunbatean, bi autobus atera ziren Tolosatik Donostiara. Bertan, kirolariak, zaletuak eta txaranga joan ziren. Belodromoko harmailak urdinez jantzi ziren, eta horrez gain, txaranga doinuz. Amaieran, inauterietako doinuen artean, dantzan ibili ziren han eta hemengo atletak, guzti-guztiei irribarre bat sortuz. Sare sozialetan oihartzuna izan duen ekimena izan da, eta tolosarrei batek baino gehiagok eman dizkie eskerrak.


Larunbatekoa ez da asteburuko kirol proba bakarra izan atletismoan. Igandean, Elgoibarko krosa lehiatu zen, eta Tolosako ordezkariak bertan izan ziren: «Nazio arteko maila duen lasterketa da Elgoibarkoa, eta gure atletak bertan izan ziren. Izugarrizko maila egon zen bertan, eta emaitzei baino, presentziari begiratu behar zaio kasu honetan», zioan Tolosa Atletismo Taldeko presidenteak, lasterketaz  hitz horretaz hitz egiterako unean.


Azkenik, aurrera begira jarrita, Josu Gomezek hurrengo hitzordua gogoratu du. Azpeitian, igandean, kros motza lehiatuko dute, eta Tolosa Atletismo Taldeko ordezkariak bertan egongo dira, lau kilometro inguruko itzulian korrika. Euskadiko eta Gipuzkoako Kros Motz Txapelketa 10:30ean hasiko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!